
Iurretako Udalak hainbat ekitaldi prestatu ditu Martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, tarteko Itxaro Bordak gaur bertan eskainiko duen ‘Emakumeak eta literatura’ berbaldia. Ibarretxe Kultur Etxean arratsaldeko 18:30ean hasita izango den solasaldia Skolastika taldeko Josune Muñozek dinamizatuko du eta euskeraz izango da.
Aurtengo egitarauan tartekatutako ekitaldiak zapatuan Hostal San Blas jatetxean egingo den emakumeen arteko bazkariarekin jarraituko dute.
Berdintasunaren aldeko ‘Milla morea’ lasterketa herrikoa korrituko da domekan, herriko kaleetan zehar, partaideei kamiseta lila janzteko deia egin diela antolakuntzak. 12:30ean Askondon hasiko den ekimena, Iraia Garcia atletak eta Gu Be Runners egitasmoan parte hartzen duten kirolariek dinamizatuko dute.
Kirol proba horren inguruan, Emakumeen Nazioarteko Egunerako idatzitako Adierazpen Instituzionalaren irakurketa egiteaz gain, manifestazio-martxa egingo da, Anderebide Emakume Elkarteak gunea kokatuko du eta txistorra dastaketa ere iragarri dute antolatzaileek.
Martxoaren 8aren inguruan prestatutako egitarauak hurrengo astean jarraituko du. Barikuan, hilak 13, Aitziber Izquierdo antzezleak ‘EsCúpido amor’ antzezlan umoretsua eskainiko du. Emanaldia Ibarretxe Kultur Etxeko oholtzan izango da, 19:00etan hasita, eta bertan Kupidoren gezi-kolpeak jota maitasun kontuetan noraezean bizi den Maitane pertsonaiaren gora-beherak jarriko dira agerian.
Martxoaren 15ean Emakumeen Txirrindulari Taldearen aurkezpena egingo da Askondoko karpan, eguerdiko 12:3oean hasita.
Iurretan Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan prestatutako ekitaldiak otsailaren 24an Ibarretxe Kultur Etxean irekitako ‘Zapatisten 11 eskakizunak’ argazki erakusketarekin osatuko dira. Bilduma martxoaren 9a bitartean egongo da ikusgai.