
Maiatzaren 29an Durangon ospatuko den Ibilaldia “gune ez sexista” bihurtu nahi dute antolatzaileek eta horretarako formazioa saioa prestatu dute biharko, maiatzak 19. Ekitaldia Kurutziaga ikastolako batzar gelan izango da 18.00etatik 19.30etara eta helburua Ibilaldian egongo diren ikasle, irakasle, senide eta herri mugimenduetako kideak ‘Eragile moreak’ bilakatzea da.
‘Eragile moreak’, Durangoko Ibilaldirako martxan jarritako “ideia berritzailea da”, antolatzaileen arabera. Ibilbidean peto morez identifikatuta egongo diren pertsona aktiboak izango dira, zaindariak alegia, eta “hori behar dugu jai giroan areagotzen diren indarkeria sexista kasuei aurre hartzeko”, antolatzaileen arabera.
Beraien zereginetariko bat “jai giroan gertatzen diren eraso sexistak bistaraztea izango da” eta bestea Ibilaldi egunerako sortu den protokoloa sozializatzea da. “Eraso sexista bat sortzen denean denok irizpide berberekin jokatzea eta erreakzioak arautzea da helburua”.
Ekimen honen bidez parekidetasun kontzientzia sustatu nahi dute eta horretarako “gai honen inguruan arituak garen guraso eta irakaslez osatutako laukotea osatu dugu, ondo prestatutako eta gaiarekin arduratutako taldea”, antolatzaileen arabera.
“Erasotuak bere burua defendatzeko beste tresna bat izan dezan ere pentsatua dago” eta horretarako, ‘Eragile moreak’ zer diren azaltzen duen komiki bat egin dute ikasleen parte hartze zuzenarekin.
Jarraipena izango duen ideia
“Gure asmoa ‘Eragile moreen’ ideia eta esperientzia esportatzea da”, antolatzaileen arabera eta horretarako, “esperientzia metodologikoki jasotzea ezinbestekotzat jotzen dugu”. Ondorioz, “Ibilaldi ostean ere, lana badago”.
“Zoritxarrez, oraindik beharrezkoak dira jendartean hain erroturik dauzkagun jarrerak eta sineskeriak eraldatzeko ideiak” eta gainera “arazoa ikusaraztea eta horren aurreko jarrera aktiboak sustatzea premiazkoa dela” iruditzen zaie Ibilaldiaren arduradunei
Aurrera begira, hurrengo ikastoletako jaietako antolatzaileei “gure ilusioa eta gure esperientzia helaraztea dugu helburu; elkarlanean proiektuak garatzea eta hobetzea, gizarte eredu ez sexista sustatzeko asmoz”.