Banner en desktop Banner en moviles
Gure Psikologia Durango
Maristak Durango
Mallabiko Udala
Mondragon-Unibertsitatea

Hizkuntza ohiturak aldatzeko garaia

‘Hitzez ekiteko garaia’ goiburuarekin abenduaren 2a arte egingo den euskararen ariketa sozialaren inguruko zenbait xehetasun, iritzi eta desio azaltzen dituzte Markel Sanchez Durangoko talde eragileko kideak eta Naia Odriozola Amorebieta-Etxanoko Udaleko euskara teknikariak.

Markel-Sanchez-Euskaraldia

Markel Sanchez
Durangoko Euskaraldiaren talde eragileko kidea

“Hiztunok gure gain hartu behar dugu ohiturak aldatzeko erronka”

Egitarau xumea prestatu badute ere, sare sozialak baliatu nahi dituzte Durangon Euskaraldiaren bidez egin nahi den ariketa soziala gauzatzeko. Ekimena aurrera daraman talde eragileko kidea den Markel Sanchezek, aurten dinamika aldatu dutela azpimarratzen du, kalitateari parte-hartzaile kopuruari baino garrantzi handiagoa eman diotelako.

-Euskaraldia amaitu arte ekitaldi bakarra antolatu duzue Durangon.
-Bai, gaur bertan egingo dugun ekitaldia izango da. Kafe-tertulia moduko saioa egingo dugu Napar elkarte gastronomikoan. 19:00etan hasita eta bertaratzen diren ahobiziekin Euskaraldia zelan doan, zelako esperientziak eta zailtasunak bizi dituzten, zein alderdi positibo eta zein negatibo ikusi dituzten… bezalako gaiak landuko ditugu. Ordurako, aurtengo Euskaraldiak aste beteko ibilbidea izango du eta egongo da zer kontatu. Uste dugu beharrezkoa dela talde dinamika baten antzeko zerbait egitea denon artean, eta gelditzen den asterako indarberrituta irtetzea. Bertaratzeko gobitea luzatzen dugu, bertan txokolatea eta txurroak dastatzeko aukera izango delarik.

-Euskaraldiaren lehenengo edizioa oso potentea izan zen, eta bigarrena Covidaren pandemiak baldintzatu zuen. Nola ikusten duzu aurtengoa?
-Lehengo urtea, berrikuntza izan zen, jendeak ez zekielako oso ondo zer zen, baina ilusioa zegoen horrelako ariketa berri baten aurrean. 2020koa berriz, denok dakigunez, pandemiak baldintzatu zuen, beste hainbat gauzekin gertatu zen bezala, eta oso zaila izan zen jendearekin elkartzea, tabernak zarratuta egon ziren… Orain, hirugarren ediziora heldu gara, eta ariketa normaltasunez egin daitekeela ikusten dugu. Jendeak, behar bada, ez du izango lehenengo edizioko ilusioa, baina ‘Belarriprest’ eta ‘Ahobizi’ rola barneratu ditu eta, agian, ez dago gauzak berriro azaldu beharrik. Aurten, kantitateari baino gehiago kalitateari ematen diogu garrantzia.

-Beraz, garrantzia gehiago eman diozue euskararen erabilerari partehartzaileen kopuruari baino.
-Aurreko urteetan izena ematea eskatzen genuen behin eta berriro. Oraingoan, gure komunikazioa beste bide batetik doa, eta jendeari ‘izan ahobizi’ edo ‘izan belarriprest’ eskatu diogu. Gainera, bideoak egin eta sareetara igotzen ditugu egunero, eta bertan jendeak aurreko Euskaraldietan izandako bizipenak eta lorpenak azaltzen dituzte, edo aurtengo edizioarekin zer lortu nahi duten. Horrekin nahi duguna zera da: jendeak uler dezala 15 eguneko ariketa soziala dela eta hizkuntza ohiturak aldatzea beharrezkoa dela.

-Eustatek kaleratu berri dituen datuen arabera euskararen erabilera nabarmen jaitsi da udalerri euskaldunetan. Kezkatzeko modukoa da.
-Bai, baina Durango ez da udalerri euskalduna, udalerri euskalduntzat hartzeko euskararen indizeak % 70eko balioa gainditu behar duelako. Baina egia da erabilera maila ez datorrela bat ezagutza mailarekin. Horregatik, hiztunok gure gain hartu behar dugu ohiturak aldatzeko erronka eta datu horiei buelta emateko erronka, jakin badakigulako Euskaraldiarekin bakarrik ezinezkoa dela egoera aldatzea.

-Zein da Durangoko herritarren euskara ezagutza maila?
-Azken zenbaketa 2016an egin zen eta bildutako datuen arabera, euskaldunen kopurua % 53koa zen, ia euskaldunena % 20koa, eta erdaldunena % 27koa. Ia euskaldunak diogunean zera esan nahi dugu: ez direla gai euskaraz berba egiteko baina ulertzen dutela neurri handi batean.

2017an berriz, kale erabilera zenbatu zen eta horren arabera euskaraz  % 22,7ak hitz egiten zuen, % 75,4ak gaztelaniaz eta % 1,9ak beste hizkuntza batzuetan.

Naia Odriozola
Amorebieta-Etxanoko euskara teknikaria

“Euskaraldiaren ostean norberaren eskuetan gelditzen da aldatutako joerari eustea”

200 zornotzar inguru bildu ziren ‘Hitzez ekiteko garaia’ goiburua duen hirugarren Euskaraldiari hasiera emateko aurreko eguenean, baina ‘Ahobizi’ edo ‘Belarriprest’ rolak aukeratu dituzten herritarrak 1.200etik gora dira.

-Giro onean eman zenioten hasiera aurtengo Euskaraldiari?
-Espero genuena baino hobeto. Eguraldiak ez zuen aurreikuspen onik ematen, baina atertu egin zuen eta giro itzela egon zen. 200 zornotzar inguru elkartu ginen, gazte piloa tarteko. Txapa jantzi eta argazkia egin ondoren Andoni Ollokiegiren kontzertua izan genuen. Aurten, 1200 pertsonek eman dute izena, 2018ko edizioaren antzera, eta pozik gaude partaidetza kopuruarekin.

-Ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu duzue Zornotzan Euskaraldiaren inguruan. Zein da jarduera horien helburua?
-Bai. Prestatutako egitaraua Euskara Batzordearen baitan sortu dugu eta bertan landutako zenbait ideia gauzatu ditugu. Proposamenak elkarteek eta norbanakoek egin zituzten, baina azpimarratzekoa da aurten, lehenengo aldiz, Zornotzako gazteak inplikatu direla eta beraiekin elkarlanean prestatutako hiru ekitaldi tartekatu ditugula.
Ekitaldien helburua, herriko eragileek proposatutako ekimenak Euskaraldian txertatzea eta adin guztietarako zerbait eskaintzea izan da. Zerbait xumea baina, aldi berean, egitarau nahiko osatu bat egitea ere nahi izan dugu.

-Nabarmendu da herritarren artean aurreko bi Euskaraldien eragina?
-Egia da Euskaraldia hamabost eguneko kontua dela eta gero norberaren eskuetan gelditzen dela hizkuntza ohiturak aldatzeko joerari eustea edo ez. Halan da be, zerbait beti gelditzen da. Adibidez, orain dela bi urte ‘Ariguneak’ sortu zirenean, jendeak sartzeko ohitura ez zuen establezimendu batzuetara sartzen hasi zen, bertan euskaraz egin ahal zuelako; eta gero dendariek identifikagarriak urte guztian zehar mantendu dituzte. Hala ere, urtean zehar bestelako ekimenak martxan jartzea beharrezkoa dela uste dut.

-Aurtengo erronketako bat ‘Ariguneak’ indartzea da, baina helburu hori lortzea ez da bat ere erraza, ezta?
-Bai. Ez da erraza jakitea zelan eragin arlo horretan. Aurten, hemengo Euskara Zerbitzutik enpresa eta erakunde handietara joan beharrean Topagunetik joan dira bertara ‘Ariguneak’ zer diren azaltzeko, guneak identifikatzeko eta abar. Eskertzen dugu hori horrela izatea, guk herriko establezimenduekin harremana dugulako.

-Ezagutza-maila gero eta handiagoa da, baina datu horiek ez dira egunerokoan islatzen.
-2019an egindako ikerketan ikusten genuen zein zen errealitate hori. Datuak, 2006an eta 2013an egindako ikerketekin alderatuta, erabilerak nabarmen egin duela behera ematen du, baina gure ustez 2019ko ikerketa horretan ateratzen diren emaitzak dira benetan kontuan hartu beharrekoak, lagin handiagoa hartu zelako. Izan ere, lagina 8.110 herritarrena izan zen (% 41,22a) eta 3.091 elkarrizketa egin ziren. Ikerketaren arabera, % 56,2a euskalduna zen, % 17,6a ia euskalduna eta % 26,2a erdalduna, eta erabileraren bataz bestekoa %20,3koa.

Zornotzan ere, beste herri batzuen antzera, aldea dago ezagutzaren eta erabileraren artean. Halan da be, gazteen artean zegoen beheranzko joera zertxobait apaldu dela ikusi genuen, eta orain entzuten hasi gara herrian lehen entzuten ez ziren elkarrizketa asko. Horregatik, oso pozik gaude aurten gazteak hurreratu zaizkigulako eta euskaraz aritzeko konpromisoa hartu dutelako. Jarrera hori, guretzat, oso positiboa da, eta esaten digu alde horretatik jarraitu behar dugula lanketarekin.

-Posible izango da mailari eustea abenduaren 3tik aurrera?
-Hori da gure helburua. Gazteak 500 pertsona inguru dira eta beraiek proposatu zuten kuadrilla bakoitza ‘Arigunea’ izatea. Hori da beraien erronka eta horretan ari dira, antolatu duten pegatina lehiaketa bezalako ekimenekin. Modu ludikoan bada ere, lanketa egiten ari dira erabilera sustatzeko.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados