Herria Auzo Elkartea zein auzokideek gogo onez hartu dituzte Durangoko San Fausto egitarauaren barne, Otamotzena parkean domekan egin ziren ekitaldiak. Horregatik, eskerrak eman dizkiote Udalari “aldirietako auzoak jaien egitarauan barneratzeko egin duen ahaleginagatik”.
Egunean zehar eta eguraldia lagun, talo tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten auzoko haurrek. Gainera, Herria Auzo elkarteak txosna zein txorizo salmenta-postua jarri zituen parkean, eta bertan batutako diru guztia Ekuadorko Riobambara bidaliko da eta bertan garatzen ari den hezkuntza proiektua aurrera ateratzeko erabiliko da.
Arratsaldean zehar, 220 txorizotik gora saldu ziren eta tailerretan 100 neska-mutiko inguruk hartu zuten parte.
Otamotzena parkean egindako ekitaldien egitaraua borobiltzeko, Gora Herria erromeria taldearen saioa egon zen.