Datozen apirilaren 12an eta 13an, gaur egunera arte Durangaldean mantendu diren erritu, ohitura eta sineskeriak ezagutzera emateko bisita gidatuak antolatu ditu Gerediaga Elkarteak Garain. Saio biak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira, barikukoa euskaraz egingo da eta zapatukoa, gazteleraz.
Familiarteko, lagun eta ezagunei publikoki agur esateko ohiturak aldatuz joan dira denboran zehar, eta Vatikanoko II. Kontzilioa eta gero, pixkanaka galtzen joan dira. Ordu biko paseoan, garai desberdinetako elementuak ezagutzeko aukera egongo da. Ibilbidea Momoitioko San Joan ermitan hasiko da; bertatik, oinez, Garaiko kanposanturaino egingo da ibilbidea. Erdigunean, desakralizatuta dagoen Elizabarrin ‘4kote’ musika taldearen errezitaldi laburra egongo da entzungai.
Bisita gidatuak doakoak izango dira, baina leku kopurua mugatua denez, Gerediaga Elkartean izena ematea beharrezkoa da. Joan-etorrirako autobus zerbitzua egongo da Iurretako Aita San Migel eliza osteko aparkalekutik irtenda.