Mendia herrira hurbiltzeko asmoarekin burutuko da Zaldai Mendi Taldeak antolatutako Iurretako IV. Mendi Astea. Urtarrilaren 16tik 29ra bitartean egingo den ekitaldian ikus-entzunezkoak, lehiaketetako sari banaketak eta aurten berreskuratu duten eskalada txapelketa herrikoia tartekatuko dira.
Edizio honetarako prestatutako egitaraua urtarrilaren 16an abiatuko da ETBko ‘Biba Zuek!’ saioko kolaboratzailea den Aritz Ganboak ekoiztutako ‘Bideak’ dokumentalaren emanaldiarekin. Arruazuko artzain ezagunak belaunaldietan zehar lurrari eta artzaintzari lotutako jarduerek garatu duten ondarea du hizpide.
Iragarritako bigarren protagonista Eñaut Izagirre mendizale eta ikerlari elgoibartarra izango da, berak egindako ‘Incógnita Patagonia’ dokumentala eskainiko baita 23an. Geografian lizentziaduna eta glaziarretan adituaren ikus-entzunezkoan, Suzko Lurraldeko hegoaldekoena den Cloue izotz-eremuan egindako esplorazioen berri ematen da.
Bloke-Eskalada Txapelketa
Urtarrilak 29an Zaldai Mendi Erronka 2020 eta argazki lehiaketako sari banaketa ekitaldiak egingo dira Askondoko karpan. Koronabirusaren pandemiak baldintzatu bazuen iazko edizioa “ia 100 lagunek lortu zuten erronka osatzea”, antolatzaileek nabarmendu dutenez.
Osasun egoerak aurtengo edizioan ere eragina izango du eta ohiko mendiko bizikleta martxa eta mendi irteera bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Hala ere “osasun neurriak betez, egoera berrira egokitutako ekintza desberdinak antolatzen saiatu gara”, nabarmendu dute Zaldaiko kideek.
Horietako bat urtarrilaren 30ean Goiuriako ermitan egingo den Iurretako Bloke-Eskalada Txapelketa herrikoia izango da. Merndi Asteari amaiera emango dion lehiaketarekin direla urte batzuk abade-etxeko bulderrean egiten ziren txapelketak berreskuratuko dituzte. Parte hartzeko www.zaldaimenditaldea.org webgunean izena ematea beharrezkoa da.
Prestatutako ekintza guztietan osasun irizpideak beteko dituztela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, “dokumentalak ikusteko plaza mugatuak egongo direnez aurrez izena eman beharko da zaldai@hotmail.com helbidean”, adierazi dute. Zaldai Mendi Taldeko bazkideek bertaratzeko lehentasuna izango dute.