
Gerediaga Elkarteak Elkar Fundazioak lehengoz emango duen ‘Ibilbideari Elkar Saria’ jasoko du gaur Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, arratsaldeko 19.00etan hasiko den ekitaldian. Aitorpen honen bidez “50 urtez Durangoko Azoka antolatuaz egindako lana” eskertu nahi diote.
Elkar Fundazioak urtero banatuko duen ‘Ibilbideari Elkar Saria’ren bidez “urte luzeetan egindako lana saritzea, ezagutzea” du helburu. Saria emateko orduan norbanakoen aurretik, talde lanean egindako ekimenak lehenesten dira.
Gerediagak jasoko duen sariak ez du diru-saririk izango, artegile batek egindako ikur bat baizik; hain zuzen, Gotzon Huegun eskulturagile lasartearrak egurrez egindako obra bat.
Gerediagakoek zabaldutako informazioaren arabera, saria ematerakoan bi arrazoi nabarmendu dituzte Elkar Fundazioko arduradunek. Alde batetik “garai zailetan ere, dena kontra denean, indarrak bilduz gero eta ideiak argi izanez gero, talde lanari esker, ekimen berriak bidera daitezkeela» erakutsi zutelako.
Gainera, “Euskal kulturgintzari eta batez ere liburu eta diskoari urte osoan ez duen ikusgarritasuna ematea lortu dute, ez bakarrik Durangon, Azoka egiten den lekuan, baita Euskal Herri osoan ere, lortu duen zabalkundeagatik”, aitortzen diote Gerediagari.
Saria emateko ekitaldi soziala, gaur egingo da Martin Ugalde kultur parkean, arratsaldeko 19.00etan eta bertan Gerediaga Elkarteko hainbat kide egongo da. Ekitaldi berean, Joseba Jaka bekaren berri ere emango da.