Banner en desktop Banner en moviles
Maristak Durango
Sukia
Jesuitak Durango
Amorebieta-Etxanoko Udala

“Garbitzen baziren, ez zuten urik edaten egun osoan”

“Egunean baso bete ur baino ez zuten”. Gaur egun iturria zabaldu eta nahi beste ur dugunoi zail egiten zaigu ulertzea nola ehunka eta ehunka emakumek biziraun zezaketen Durangoko kar­tzelan gerra eta frankismo garaian hain baldintza penagarrietan. Durango 1936 elkartea presoen izen-abizenen zerrenda osatzen ari da, eta gutxienez 1.700 andre giltzapetuak izan ziren Nevers komentuan. Isilarazi ziren kapitulu ilunak eta heroikoak ezagutarazteko asmotan, Maria Gorosarri EHUko irakasleak urte latz horietara eraman gaitu emakumeek gerra eta gerra ostean izan zuten funtsezko papera aldarrikatzeko eta historia berdintasunetik berridazteko.

“Oroimen historikoa ikuspegi sexistarekin aztertu izan da beti. Ez dago ikuspegi neutrala eta neutrotzat eman nahi digutena sexista da, hau da, gizonen inguruko gorabeherak”, azpimarratu du historialari durangarrak bonbardaketaren urteurrenarekin batera ‘Emakumea gerra eta gerra ostean’ hitzaldiaren harira eskaini digun elkarrizketan.

Gorosarrik betidanik aztertu izan du oroimen historikoa “perspektiba feministatik”. Konturatu zen familiako gizonen bat espetxean egon izana normala zela, baina presoa emakumea izateak ondorengo belaunaldiak gogor markatzen zituela. Durangarrak berak pairatu izan zuen estigma bere azalean laugarren belaunaldia izanda.

“Bilboko jaietan nengoela, emakume batzuek gorria nin­tzela leporatu zidaten birramama espetxean eduki nuelako”, gogoratu du. Bilboko jaietan bizi izandako gertakariak eraman zuen Gorosarri ikerketa abiatzera. Bere esanetan, “gure iragana ezagutu ezean, berriro errepikatzeko arriskua dugu. Gainera, argi dago zauriak ez direla oraindik sendatu”.

Bere birramama, Vicenta Garnika Laserna, hiru urtez espetxeratu zuten Errepublikan Fronte Popularraren alde botoa eman eta propaganda egiteagatik, baita UGTen afiliatu eta sindikatuan parte hartzeagatik ere. Halere, bere birbilobak azpimarra­tzen duenez, “hori guztia egin zuenean, guztiz legezkoa zen”. Gerra galdutakoan, ordea, bizitza politikoan aritu izan zirenak ere atxilotuak izan ziren. “Trantsizioan faxismo berba alboratu zen, frankismoa nazismorekin ez lotzeko, baina garaiko dokumentuetan alemaniarrek Espainiari faxismo katoliko kategoria jarri zioten, eta emakumeen kontrako errepresio modua faxista zen erabat”, azaldu du adituak.

“Emakumeen biltegia”

Durangoko kartzelan pairatu zutena horren adibide argia izan zen. Beheko pisuan gazteak zeuden, militanteak izan zirenak, eta goikoan, ‘Shangai’ deiturikoan, andre nagusiak eta proxenetarik gabeko prostituzio autonomoan aritu zirenak.

Gorosarri azaltzen duenez, nahiz eta txikia izan, ez zituen betetzen gutxieneko baldin­tzak. “Emakumeen biltegi bat zela esaten zuten. 40 preso zeuden pilatuta gela bakoi­tzean, irten gabe, eta zoruan lo egin behar zuten, bi baldosa eta erdi zeuzkaten andre bakoitzeko, eta hiru urtetik beherako seme-alabek amekin batera alboz lo egin behar zuten.

Ez ziren dutxatzen, baso bete ur baino ez zuten egunean denetarako, eta erabaki behar zuten garbitu ala edan. Garbitzen baziren ez zuten urik edaten egun osoan”. Hori gutxi ez eta seme-alabek hiru urte betetzen zituztenean, “euren abizenak gogoratzen ez bazituzten, identitatea aldatu eta beste familia batzuekin eramaten zituzten”.

Gainera, kartzelan sartu bezain laster, emakume askok “bikotekidea galdu zuten”, eta erregimen frankistak ezkon­tza zibil guztiak ezeztatu zituenez, beste hainbat “ama bakarrak izatera” igaro ziren. “Gizon presoek emazteen eta inguruko andreen babesa izan zuten, horri elkartasun femeninoa deitu izan zaio. Baina senarrek ez zuten gauza bera egin euren emazteekin. Arazoak ekiditeko, bere bizitza berregiten zuten, emaztea eta seme-alabak ere alde batera utzita”, azpimarratu du historialariak.

Erresistentzia lanak

Urteetako zigorra pairatu zuten emakume presoek askatasuna eta giza eskubideak defendatzegatik. Historiako li­buruetan jaso izan ez bada ere, gizonek bezain paper aktiboa izan zuten: milizianak frontean borrokatu ziren batailoi mixtoetan 1936ko lehenengo hilabeteetan Eusko Jaurlaritzak utzi zien arte, eta beste batzuk klandestinitatean aritu ziren erresistentzia lanak eginez herrietan, faxisten mehatxupean.

Durangon andreek osatu zuten erresistentzia antifaxista, gizon gehienak kartzelan edo hilda zeuden garaian. Horietako bat Benita Uribarrena Bollain izan zen. Iheslariak lagundu zituen mugak zeharkatzen eta alderdi komunistaren korreoa izan zen klandestinitatean. “Jose Angel Orobio-Urrutia artxibozainak lagundu zigun Durangoko erroldan Benita aurkitzen eta opari bat izan zen. Badakigu bere bizitzako azken egunak pozik bizi izan zituela, erresistentzian egindako lanagatik Durangok omendu nahi zuela egunero irakurtzen zuelako”, kontatu du Gorosarrik.

Presoen artean ere babesten ziren; esaterako, Gorosarrik gogoratzen duenez, Rosario Sanchez Mora Dinamitera Saturraraneko espetxetik askatu zutenean arratsaldeko zortzietan, rapatuta eta atxilotu zuteneko arropa berarekin jantzita, nora joan jakin gabe zegoela, boltsikoan paper bat aurkitu zuen, presokideek oharkabean sartutakoa, helbide seguru batekin. Gerra eta gerra osteko garai latzetan ezinbestekoak izan ziren emakumeek ehundutako elkartasun sareak, “elkartasun feminista”.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados