
Garai herrian Santiago eta Santa Ana jaiak hasi aurretik, herriko altxorrak ezagutzeko ikustaldia antolatu du Udalak Gerediaga elkartearen laguntzarekin. Datorren zapatuan izango den bisitaldi gidatuan elizate baten ezaugarriak zeintzuk diren edo herrian bi parrokia izatearen zergatia azaltzeaz gain, berriro Garain jarri den Valentin Zubiaurreren erretratua ikusteko aukera izango da.
Udaletxe aurrean arratsaldeko 18:00etan hasiko den ibilaldiak ordu eta erdiko iraupena izango du. Topagune horretan elizate baten eginkizunak eta Durangoko Merinaldeko ordezkaritza azalduko zaizkie partaideei.
Ekitaldiak Elizabarrin jarraituko du eta toki horretan hain herri txikian bi parrokia zergatik dauden azaltzeaz gain, arkitektonikoki duen garrantziaren berri emango da.
Ibilaldia udaletxera bueltatuko da berriro eta bertan elizate bateko ezaugarriak, tarteko aginte ikurra den ‘txuzoa’, ezagutuko dituzte partaideek. Egonaldi horretan Zubiaurretarren garrantzia gogoratuko da eta Bilboko Eleiz Museoan berritzen eta deposituan izan duten Valentin Zubiaurreren erretratua ikusteko aukera izango da.
Valentin Zubiaurre musikariaren erretratua izen bereko semeak margotutako oihal gaineko olio-pintura da. 2013an Garaiko San Migel parrokiak Bilboko Eleiz Museoari utzi zion zaindu, gorde eta ikasteko eta bertan berriztatu ondoren, herrira bueltatzeko eskatu zuen Garaiko Udalak. Aurrerantzean, udaletxean izango da ikusgai.
Bisitaldiaren azken geldialdiak San Migel elizan eta hilerrian izango dira. Elizan, hileta erritoen gaineko bitxikeriak ezagutzeaz gain, Zubiaurretarren lanak ikusteko aukera egongo da. Ondoren, kanposantu neoklasikoraino gerturatuko dira bisitariek ikustaldia amaitzeko.
Bisita gidatuan parte hartu nahi dutenek epi@gerediaga.eus e-mailera idatzi edo 673005981 telefonora deitu behar dute erreserba egiteko. Izen-ematea doakoa da.