Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango den Euskaraldiaren edizio berria dela eta, hasiera ekitaldia prestatu dute Zornotzan gaurko, 18:30ean hasita. Herriko plazan izango den aurkezpenean, edizio berriaren nondik norakoen berri emateaz gain, herritarren asmoen irudikapena egingo da, izen-emate mahaia ipiniko dute eta Inun musikariak girotuko du arratsaldea.
Amorebieta-Etxanoko Udalak, Euskaraldian eta hasiera ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Amaia Aurrekoetxea euskara zinegotziak gogoratu duenez “ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, milaka lagunek parte hartzen duten ekimena”, eta horregatik “Udalak, beste hainbat erakunderekin batera, bat egin du Euskaraldiaren edizio berriarekin”.
Arigune izateko gonbidapena
Edizio berrian, Arigune izan nahi duten establezimendu eta elkarteek eman dezakete izena dagoeneko. Aurreko edizioetan bezala, aurten ere Arigunea euskaraz lasai aritzeko gunea izango da. Hala, Arigune gisa izena emanda dauden establezimenduek bereizgarri bat izango dute, Euskaraldiarekin bat egin dutela ikusarazteko eta herritarrek ekimenaren bat egin dutela jakiteko. Izena emateko: ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea.