Zornoza Arte eta Kultura elkarteak eta Amorebieta-Etxanoko Udalak, Enrike Renteria Pintura Lehiaketaren XXIV. edizioa antolatu dute, eta ohikoa denez, bi modalitate izango ditu; uztailaren 10ean aire librean egingo den pintura-lehiaketa tradizionala eta loneta gainean egindako ‘Zintzilik’ deiturikoa.
Aire librean egingo den lehiaketa Amorebieta-Etxanoko herrigunean izango da, parte hartzen duten artistak bertan dagoen edozein elementu islatu beharko baitute. Margolana, markatutako eremuaren barruan egin beharko da eta erabilitako teknika zein neurriak partaide bakoitzak aukeratuko ditu. Lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du.
Lehiakideek egunean bertan eman ahal izango dute izena Zelaieta Zentroan, 9:00etatik 11:00etara, eta mihiseak edo euskarriak ordu tarte horretan zigilatuko dira. Hala ere, izen ematea saczornoza@gmail.com helbidera idatzita ere egin daiteke.
Antolatzaileek lehiaketa egunean bertan jasoko dituzte obrak, 16:00etatik 17:00etara, Zelaieta Zentroan, eta une horretan 15 euroko dieta eskuratuko dute 14 urtetik gorako parte-hartzaileek.
Epaimahaikideek zazpi sari banatuko dituzte 18:00etan egingo den ekitaldian. 500 eurotik 150 euro bitartekoak emango zaizkie lehenengo sei sailkatuei eta zazpigarrena, 150 eurokoa, saririk jaso ez duen herriko obra onenak eskuratuko du.
Zintzilik lehiaketa
Bestalde, loneta gainean egingo diren margolanen ‘Zintzilik’ arte lehiaketan parte hartzeko deialdia ireki da, eta izena ematea Zelaieta Zentroko harreran edo 94 630 06 50 telefonoan egin daiteke.
Lonetak, 1,30×1,50 metroko neurria izateaz gain ehun sendokoak izan behar dira, eta ertzean 4 mm diametroko botoi zuludunak izan behar dituzte. Euskarriak Zelaieta Zentroan daude eskuragarri.
Lanak ekainaren 23a arte entregatu daitezke Zelaieta Zentroko harreran eta une horretan 20 euroko dieta jasoko dute egileek. Antolatzaileek gogorarazi dute obrak biribilduta entregatu behar direla, hau da, tolestu gabe, eta inskripzioaren egunean jasotako fitxa grapatuta izan behar dute.
Lanak bi erakusketa gunetan izango dira ikusgai; bata, lehiaketa gunea, ‘2022 Zintzilik’ lanak egongo diren eremua, eta bestea, erakusketa gunea, beste edizio batzuetako ‘Zintzilik’ lanak ikusgai egongo diren lekua.
Sari-banaketa
Herritarrek euren etxeetan eskegi ahal izango dute ‘Zintzilik’ bat uztailean zehar eta horretarako eskaria egin beharko dute Zornoza Arte eta Kultura elkartearen egoitzan (Harrison eraikina, 6), ekainaren 28tik 30era bitartean, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara.
Epaimahaikideek hiru sari banatuko dituzte, 500 euroko lehen saria; 300 euroko bigarrena eta 200 euroko hirugarrena. Publikoak ere sari bat emango du, 150 eurokoa, Zelaietan ekainaren 4tik 6ra bitartean jarriko den hautestontzian botoa emanez. ‘Zintzilik’en sari-banaketa ere uztailaren 10ean izango da.