Bigarren urtez jarraian, irailean zehar burutuko den Kultur Zopa ekimenak hartuko du Elorrioko Ferixa Nagusien lekua, eta edizio honetako egitarauan musika eta antzerkiaz gain, umeentzako zuzendutako jolas eta animazioak izango dira. Gainera, iraileko lehenengo domekan egiten zen azokaren ordez eskualdeko abeltzain, nekazari eta ekoizleen hiru erakusketa egongo dira.
Kultur Zoparen bigarren edizio honetarako prestatu diren ikuskizun guztiak doakoak izango dira eta gehienak Ganondo parkean izango dute kokagune.
Iragarritako kontzertu guztiak 19:30an hasiko dira eta irailaren 6an izango den lehenengoan Estutu eta The Lion azalduko dira agertokian. 10ekoan berriz, Dupla eta Selektah 9mm arituko dira; 11ko ekitaldiko protagonista Puro Relajo taldea izango da eta 18an Sugoi eta Segundo Traste taldeen txanda izango da.
Elizan eta Arriolan
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hilaren 16an eskainiko duen kontzertua Sortzez Garbiaren basilikan izango da eta sarrera librea izango da edukiera bete arte. Lara eta Ana Sagastizabalek antzeztuko duten ‘Si, fueron ellas. Un paseo por la historia del Teatro Musical’ ikuskizuna berriz, Arriola Antzokian taularatuko da 10ean, eta bertaratzeko sarrerak erreserbatu beharko dira aldez aurretik.
Edizio honetako Kultur Zopa zapatuan hasiko da, Ganondon goiz eta arratsaldez umeentzat prestatutako puzgarri eta jolas parkeekin. Horren ondoren, gaztetxoenei zuzendutako animazioa egongo da.
Domeka honetan, gainera, hiru azoka egingo dira Elorrion, batez ere herriko eta eskualdeko ekoizle eta sortzaileekin. Abeltzaintzari eskainitakoa Ferixalekua izango du kokagune eta nekazari eta ekoizleena berriz, Nizeto Urkizu kaleko aparkalekuan jarriko da. Artisauen azokara gerturatuko diren postuak Buzkantz kalean egongo dira.
Elorrioko Udalak antolatutako ekimenak “jarraipena eman gura dio kultur emanaldiz betetako udari”, Julene Lazkano Gazteria eta Jai zinegotziaren esanetan. Izan ere, Kultur Zoparen edizio berriarekin “herritar guztiak kulturaz gozatzen jarraitzera animatu gura ditugu, jende guztiarentzat pentsatutako programazioa doan eta segurua izanda”.