Durangon garai baten argitaratu ziren aldizkarien inguruko erakusketa eta topaketa prestatu ditu Gerediaga Elkarteak, Astola urtekariko azken zenbakian argitaratutako ‘Paperezko hitzak’ erreportajearen harira.
Azaroaren 8ra bitartean Bizenta Mogel Bibliotekako lehenengo pisuan ikusgai egongo den erakusketan, erreportaje horretan aipatzen diren eta gaur egun argitaratzen ez diren zenbait hedabideen aleak jarriko dira ikusgai. Beraz, hemerotekatan bakarrik aurkitu daitezke, eta erakusketa atontzeko “Durangoko udal artxibora eta Gerediaga Elkartearen artxibora jo dugu”, antolatzaileen esanetan.
Erakusketa hori aprobetxatuz, aldizkari horietan lan egin edo kolaboratu zutenekin topaketa informala ere antolatu dute. Ekitaldia gaur izango da, Liburutegien Nazioarteko Egunean hain zuzen.
Arratsaldeko 19:00etan bibliotekan egingo den berriketaldian aldizkarietako erreportajeak, albisteak, elkarrizketak bideratzeko edo aldizkarien kudeaketan zehar izandako istorio, anekdota eta arazoak partekatzeko aukera egongo da. Ekitaldia “aldizkarietan lan egin edo kolaboratu zutenez gain, albistearen atzean zer dagoen ezagutzeko interesa duen edozeini zabalik dago”, Gerediagakoek azaldu dutenez.