Durangaldeko taldeak Bertsolari Gazteen XXX. BBK sariketaren finalean izango dira, finalaurrekoan Uribe Butroeko taldeari irabazi ondoren. Azken saioa eguenean izango da, 18:00etatik aurrera Bilboko BBK salan, eta Lea Artibaiko taldearekin lehiatuko dira.
Barakaldoko Hizkuntza Eskolan jokatu zen finalaurrekoan Maddi Aurtenetxe, Kelmene Abaitua eta Ixone Asategik osatu zuten 18 urte arteko hirukoa, eta Irune Basagoiti, Ander Elorriaga eta Igor Galartza aritu ziren 19 eta 25 urte bitarteko taldean.
Bilbon jokatuko den finalarekin batera ekitaldi berezia egongo da, Bertsolari Gazteen BBK sariketaren 30 urteurreneko ospakizun jaia egingo delako. Bertan, “une hauetan guztietan sariketa honen parte izan diren bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak…” batuko dira, Bizkaiko Bertsozale Elkartetik adierazi dutenez.
Protagonistak eskualde bakoitzeko bertsolari bana izango dira: Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Jone Uria, Idoia Anzorandia eta Igor Menikaren gidaritzapean.
Gainera, sariketa amaitzerakoan, sorpresa txikiz beteriko egitaraua izango da.