Durangaldeko EH Bilduk azaroaren 12an Bilbon deitutako manifestaziora joateko deia egin du.
Bizi dugun egoeraren aurrean soluzioak egon badaudela aldarrikatu nahi du EH Bilduk, eta bizi dugun erronkari tamainan erantzuteko deia luzatu. Manifestaziorako giroa berotzeko Durangaldeko herrietan batzarrak egin ditu EH Bilduk, eta baita bertara gonbidatzeko argazkiak ere.
Sistema kapitalista basati batek ekarri gaitu egoera honetara, eta planetak jada, ezin dio erritmo honi eutsi. Elite ekonomiko batzuen mesedetan hartutako erabakiek eraman gaituzte egoera honetara: bankuak, elektrikak, multinazionalak… eta haiek inoizko irabazi handienak pilatzen dituzten bitartean, negurako prestatu gaitezela esaten digute, jakitun milaka familiek ezingo diotela etengabe eta era basatian gora doazen prezioen erritmoari eutsi.
EH Bilduk ez du hori onartuko eta horregatik esperantza aktiborako dei bat luzatuko du Bilbon egingo duen manifestazioan: Abante! Ezker independentismoak badu txalupa sendoa eta iparrorratz argia ere. Ekaitzari aurre egingo bazaio, ezkerretik eta burujabetzatik izango delako.
Erresignazioaren kontra, gauzak aldatzearen alde eta gure herriaren erabaki eskubidearen alde Bilboko kaleak betetzeko deia luzatu du EH Bilduk eta Durangaldeko pertsonak Bilbora joatera gonbidatzen ditu, Euskal Olatua martxan dela erakusteko.