Larria da sententzia honek utzitako egoera. Erabat larria da, sufrikarioa besterik ez duelako eragiten ebazpen honek. Erabat larria da, zigor hauek konponbide demokratikoa oztopatzen dutelako.
Auziperatuentzat ikuspegi pertsonaletik begiratuta, 11 urte hauek jasanezinak izan dira, baita Uztailetik pairatutako epaiketa. 13/13 sumario osoaren bilakaerakmin amaigabea baino ez du ekarri. Auziperatu, senide eta lagunek krudelkeriasegida luze bat nozitu dute. Haientzat gure berotasun, babes eta elkartasuna.
Saioa Agirre Zornotzarra, injustizia guzti hau pairatu ostean azkenean aske atera da baina inork ez dio erreparatzen auzi honek suposatu dion sufrimendua. Auziperatutako beste kide batzuei, sufrimendua luzatzea erabaki dute eta honek agerian usten du, auzi hau mendeku politikoan oinarritua dagoela eta bere sententzia politikoa dela.
Gure herrian irekitako denbora berriaren ostean, “dena ETA da” printzipio salatzailea oinarri duten jarduerak salatzen ditugu. 13/13 makroepaiketa denboraz eta lekuz kanpo dago, eta gure herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzeko kontrako norabidean doa.
Sententzia hau injustizia bat dela salatu nahi dugu, irregulartasunez eta eskubide urraketez gainezka (tortura salaketak, abokatuen bulegoen erregistroak, CNIren esku hartzea…) eta berme juridiko oso gutxirekin burututako epaiketa baten ondorioz hartutakoa delako. Non eta Audientzia Nazionalean, alegia, salbuespeneko epaitegi batean, zeinaren funtzioa euskal herritarroi salbuespenezko legalitatea eta salbuespenezko zigorrak ezartzea den.
Atzerapauso honen aurrean jokoan daude demokrazia, bakea eta gure herriaren etorkizuna. Konpromisoak inoiz baino beharrezkoagoak dira, guztion artean bake eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko, euskal gizarteak eskatzen duen norabidean, aurrera egitea oztopatzen diguten iraganeko estrategiak, jarrerak eta jokabideak alboratuz.
Guzti honegaitik, Bilbon Apirilak 9an , 17:30etan Jesusen Bihotzetik ospatuko den manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.