Durango 1936 elkarteak gogoan izango du bihar betetzen den bonbardaketaren 83. urteurrena. Erasoa jasan zutenek gogoratzeko omenaldirik egongo ez bada koronabirusa dela eta, durango1936.org webgunean agertzen diren lekukoen testigantzak eskuragarriago jarri dituzte.
Aldaketa honekin “gure elkarrizketen funtsa ageriago jartzea” dela diote elkarteko kideek, eta webgunera orain sartzen direnek errazago ikusi ahal izango dute urteetan egindako lana. Izan ere, “Durango 1936 elkartearen altxor nagusia urteotan egindako 110 elkarrizketak dira” eta solasaldi horietatik ateratako 1500 bideotik gora.
Martxoaren 31n faxista italiarren hegazkinek, frankisten aginduz, Durango bonbardatu zuten egunari dagozkien lekukotzen bideoak durango1936.org-en webgunean daude ikusgai.
Gainera, Jose Antonio Olea Garaita, Begoñe Andone Erdoiza Uribarrena, Teresa Setien Piedra (gazteleraz), Agustin Eskubi Urtiaga edo bonbardeketa xeheki kontatzen duen Luis Altuna Ercillari egindako elkarrizketen bideoak ikusgai daude, besteak beste.