Berrizko Udalak eta Berrizko 1936 Kultur Elkarteak ekitaldi bat antolatu dute domeka honetarako frankismoaren biktima guztiak oroitzeko. Urtero egiten den lore eskaintzaz gain, aurten ‘Gutun bat Saturraranera’ izenburua duen bertso trama ere egingo dute.
Gorazarre ekitaldiak 11:30ean hasiko dira Felipe Urtiaga plazan, Udal ordezkarien, dantzarien eta zuzenean joko duten musikarekin partaidetzarekin. Jarraian, Felipe Urtiaga, Jose Agirre, Gregorio Urkijo eta Fermin Aranguren fusilatuen, eta oro har, frankismoaren biktima guztien omenezko lore eskaintza egingo da.
12:15ean, ‘Gutun bat Saturraranera’ bertso trama izango da Kultur Etxean. Agerraldian, Aritz Katarain, Nerea Ibarzabal, Irune Basagoiti eta Saioa Alkaiza bertsolarien eskutik eta Miren Amuriza eta Idoia Barceló gai jartzaileak izango dira. Amaieran, luntxa egongo da bertaratzen diren pertsona guztientzat.
Irailaren 11a egun esanguratsua da Berriz udalerriarentzat eta berriztarrentzat, 1937ko egun horretan fusilatu baitzituzten kolpisten aginduz Felipe Urtiaga eta Jose Agirre berriztarrak, Derioko hilerrian. Urte bereko abuztuan Gregorio Urkijo fusilatu zuten, eta urte batzuk geroago Fermin Aranguren fusilatu zuten Asturiasen.