Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta musikariek ‘Baga-biga-higa’ ikuskizun multimedia eskainiko dute datorren eguaztenean Durangoko Udal Euskaltegian. Korrika kulturalaren barne antolatutako ekimena goizeko 10:30ean hasiko da Berbagunean eta sarrera doakoa izango da.
‘Baga-biga-higa’ hitzaldi-kontzertuan “euskarazko musikaren transmisioa eta sustapena” eragin nahi dute Markezek eta Elorrietak eta ekitaldian biak izango dira hizlari eta kantari. Eurentzat, ‘Baga’ hitza iragana da, ‘Biga’ oraina eta ‘Higa’, berriz, etorkizunerako erronka eta aukerak.
Bi kantari eta musikagileak euskal musikaren historia errepasatuko dute, 60. hamarkadako doinuetatik abiatu eta gaur egunera arte. Ekitaldian garai bakoitzeko euskarriak ere hartuko dituzte kontuan: binilo diskoak, casetteak, CDak, Mp3a…