Durangoko EH Bilduk alderdiaren koordinatzaile nagusia den Arnaldo Otegiren hitzaldia antolatu du biharko Plateruena Kafe Antzokian. Berbaldia arratsaldeko 18.30etan hasiko da eta bertan otsailaren hasieran aurkeztutako ‘Autonomiatik subirautzara (De la autonomía a la soberanía)’ deituriko dokumentua izango du hizpide.
‘Autonomiatik subirautzara. Estatus berri baterako oinarriak’ deituriko dokumentuan Euskal Autonomia Erkidegoa subjektu politiko bezala onartzen da eta erabakitzeko eskubidea jartzen du erdigunean, etorkizunerako estatus berri batera iristeko.
Hausnarketarako jarriko duen txostena “errealismoz eta egungo egoeratik” abiatzen da eta EH Bilduk EAEn eraiki nahi duen Euskal Estatua du jomuga, talde abertzalearen esanetan. Horretarako, Espainiarekin berdinen arteko harremana aldarrikatzen du, “Madrilek duen beto eskubidearekin amaitu eta espainiar estatuarekin berdintasun egoera batean negoziatu behar da”.
EH Bilduren dokumentuaren arabera, “Euskal Estatua izatea autogobernuaren bermea da, eta foraltasun historikoari ez ezik, kontzeptu demokratiko modernoenari –federazioa, esaterako– ere erantzuten dio. Euskal Estatua edo Euskal Estatu Erkidegoa (subiranoa) izenak kualitate juridiko-politiko ukaezina adierazten du”.