Berrizko Udalak antolatutako Kulturaz Blai 2022 ekimenak Arte Eszenikoen arlo desberdinak ezaugarri dituzten bederatzi ikuskizun eskainiko ditu urrian eta irailean. Antzerkia, zirkua, dantza eta musika emanaldiak, leku publikoetan izango dira eta adin tarte guztiei zuzenduta daude.
Edizio honetako saioak uztailaren 6an hasiko dora Jon Urrutiak Olakueta plazan eskainiko duen ezohiko Musika Tailerrarekin, erabiltzen dituen ‘musika trasnak’ berak asmatutakoak baitira.
Bi egun geroago dantza garaikidea nagusituko da Ertza konpainiak ‘Dye Dye’ eta ‘Otempodiz’ piezak eskainiko baititu eskolako patioan.
Antzerkia eta zirko teknika uztartzen dituzten bi ikuskizunek emango diote jarraipena ekimenari. 13an arituko den Animagik konpainiak, gaztetxoek zirko tekniketan lehen urratsak emateko prestatutako Zirko eskola gerturatuko dute eskolako patiora. 15ean arituko den Barsanti konpainiako kideak diren Aritza Rodríguez zaldibartarra, Juanjo Otero iurretarra eta Pako Revueltas galdakoztarrak, suizidioa izango dute hizpide ‘Akabo!’ antzezlanean.
Uztaileko programazioa 20an eta 23an eskainiko diren ekitaldiekin osatuko da. 20an, hondarrezko irudiak egiten dituen Andoni Bastarrikak, teknika horren inguruko tailer bar eskainiko du Olakueta plazan, eta 23an erakutsiko diren New Orleanseko dantzak komentuan izango dira ikusgai.
Berriz Kulturaz Blai ekimenak irailean izango du jarraipena hiru zirko ikuskizunekin. Iragarritako lehenengo saioan egongo diren The Funes Troup konpainiak, ‘Aukerak’ (Caminos) kale-ikuskizuna eskainiko du 9an eskolako patioan.
16an gerturatuko den Malas Compañías taldeak ‘Zirkus’ deituriko ikuskizuna eskainiko du Olakueta plazan, eta 23an programazioa agurtuko duen La Banda Teatro Circok ‘Kimera’ lana eskainiko du eskolako patioan.