Durangaldeko Mankomunitateak 100.000 euroko diru-laguntza banatuko du euskara, kirola, ezintasuna edota garapenerako lankidetzan eskualdean diharduten irabazi gabeko elkarteen artean. Kasu gehienetan, irailaren 17ra arte egongo da zabalik laguntzak eskatzeko epea.
Mankomunitateak onartutako Diru-Laguntzen Plan Estrategikoak, aurtengo jarduketarako ildo estrategikoak onesten ditu.
Adimen urritasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzeko, 30.000 euro bideratu dira; egoera eskasean dauden herrialdeetan garapenerako lankidetza jarduerak gauzatzen dituzten irabazi asmorik gabeko Durangoko elkarteetarako, 20.000 euro; kirolaren sustapenerako –batez ere atletismoa, trinketea eta pistako txirrindularitza–, 42.000 euro; eta eskualdeko gizarte, kultura, lan eta ekonomia bizitzan euskararen erabilera bultzatzeko, 8.000 euro.
“Diruz lagundu beharreko jardueren helburua, Mankomunitatearen eskumenen barruan dagoen helburu publikoa edo interes soziala duten eta elkarteetan eta erakundeetan egituratuta dagoen gizarte zibilak aurrera eramandako proiektuak eta jarduerak sustatzea eta bultzatzea izango da”, erakundearen irizpideen arabera. Horrez gain, “gizarte zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen partaidetza eta gizarteratzea” lagundu nahi da.
Irailaren 17ra arte
Laguntzak eskatzeko epea irailaren 17ra arte egongo da zabalik, baina merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako establezimenduetako kanpoko errotuluak zein webguneak euskaratzeko epea irekita egongo da urriaren 15era arte.
Kasu guztietan izapideak baliabide telematikoen bidez baino ez dira egingo, Durangaldeko Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bitartez.