Arratsaldeko 19:00etatik aurrera egingo den txitxiburduntziarekin eta ondoren egongo den erromeriarekin abiatuko dira zapatuan Mallabiko karnabalak. Egitarauak jarraipena izango du martitzenetik aurrera kirolarekin lotutako ekitaldiak egongo baitira datorren astean zehar.
Txitxiburduntzia frontoiaren kanpoaldean egingo da eta bertaratzen direnek txorizoa, ogia eta makila jarri behar dute eta Udalak sua eta umeentzako edaria ipiniko ditu.
Karnabaletako hasiera eguna, Gauargik frontoian girotuko duen mozorro erromeriarekin osotuko da.
Domekarako ‘Superigandeak’ ekimena prestatu dute. 11:00etatik aurrera multikirola egongo da eskolan, eta arratsaldeko 16:00etan hasita bingoa eta xake tailerra Kontzejuzarrean.
Martitzen karnabal eguneko egitaraua 14:45ean abiatuko da Asier Kidam magoak eskolan eskainiko duen saioarekin. Ondoren, txokolatada egongo da eta 17:00etan Dj Oihan Vegaren saioa hasiko da. Tartean, playback eta diru-sari ugari banatuko dituen mozorro lehiaketa egongo dira.
Bikote mistoen frontenis
Karnabalen inguruan antolatutako egitarauak jarraipena izango du eguenetik aurrera, egun horretan 2022ko edizioan saritutako filma laburren ‘Skimetrajea’ emanaldia egongo baita Kontzejuzarrean, 18:30ean hasita.
Barikuan, bikote mistoen frontenis partiduak egongo dira 9:30ean hasita, eta domekan pala txapelketako jardunaldia egongo da 10:30ean hasita, eta arratsaldeko 17:00etatik aurrera Emakumezkoen Gomazko Paleta Elite txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dira.