
‘Euskal Udaberria kalera! ’ dinamikak maiatzaren 20an burutuko duen ‘Espetxeetara martxak’, Espainian zein Frantzian dauden sei kartzelatara joango da. Durangaldeko hainbat herritarrek ekimen horrekin bat egiteaz gain Saint Maur eta Fleury Mergois-eko espetxeetara joateko gonbitea luzatu dute.
‘Maite zaituztegu. Kalera!’ goiburuarekin egingo diren martxa hauek “dispertsioak 30 urte bete berri dituela” gogoratzeaz gain, “aurreko zikloa itxi eta bakean eta justizian oinarritutako elkarbizitza» bermatu nahi ditu.
Ekimenaren antolatzaileek “gatazkaren ondorioak modu justu eta integral batean konpontzeko beharra” dagoela adierazi dute. Euskal Herrian bakea eta justizia lortzeko “iheslari eta preso politiko guztien kaleratzea” beharrezkoa dela adirazteaz gain, “biktima guztien onarpen eta erreparazioa” ezinbestekotzat jotzen dute.
Armagabetze “atzeraezina, erabatekoa, aldebakarrekoa eta baldintza politikorik gabea” gauzatu ondoren, “garai berri baten aurrean” aurkitzen garela eta “Euskal Herri libre eta baketsuaren lorpena” euskal herritarron esku dagoela adierazi dute Euskal Udaberria kalera! ekimenaren sustatzaileek.