
Elorrioko Musikaire jaialdiak Tola jauregiko lorategian gaurtik domekara izango diren hiru kontzertuekin emango dio agurra 2016ko edizioari. Amaierarako joera desberdineko hiru musika ekitaldi iragartzen dituzte; lehenengo bietan pop-rock doinuak entzungo dira eta hirugarrenean blues doinuak nagusituko dira.
Gaurko kontzertuan El Último de la Fila talde ezaguneko kidea izandako Quimi Portet gitarra-jolea eta abeslaria izango da agertokian. Taldea desagertu zenetik bere bakarkako ibilbideari ekin dio eta berak sortutako doinuetan unibertso propioa eta estilo berezia islatzen ditu.
Quimi Portet pop izarraren estereotipotik urruntzen da eta bere sorkuntzetarako testuen, musikaren eta moldaketen txukuntasunaz baliatzen da. Elorrion eskainiko duen agerraldian Jordi Busquets (gitarra) eta Angel Celada (bateria) izango ditu taldekide.
Izaki Gardenak talde gasteiztarrak eskainiko dituen pop, rock eta folk doinuak nagusituko dira biharko ekitaldian. Jon Basagurenek (gitarra eta ahotsa) sortutako abestiei forma emateko proiektuak Libe García de Cortázar (teklatuak eta ahotsa), Dani Arrizabalaga (gitarra), Fede Eguiluz (bateria) eta Danilo Foronda (baxua) biltzen ditu.
Boskotea doinu desberdinen nahasketan oinarritzen da soinu propio bilatzeko eta ‘Itsasargiak’ (2012), ‘Amaieratik hasi’ (2013) eta ‘Aurri gara’ (2015) diskoak argitaratu ondoren, heldutasunera iritsi dira.
Greg Izor & The Romanticos-ek domekan eskainiko duten kontzertuarekin amaituko dira Musikaireren aurtengo agerraldiak. Izor harmonikaren gaur egungo maisua izateaz gain abeslari ahaltsua eta showman handia da.
Tola jauregian eskainiko duen ekitaldian, Izorrek (armonika eta ahotsa) 2009an bluesaren aldeko apustua egin zuen The Romaticos taldea izango du alboan, Iker Piris (gitarra), Adrián Carrera (bateria) eta Riki Avila (baxua) taldekideak direla.