Durangoko Energia Komunitatea
Durangoko Azoka
Herriaren Eskubideak-Independientes
Amorebieta-Etxanoko Udala

“Protagonistek heltze-prozesuari nola egiten zioten aurre aztertzea interesgarria zen”

Julen Apella.

Pandemia osteko garaian kokatutako bi gazteren heltze-prozesua da ‘Sakelako bihotzak’ liburuaren ardatza. Jokin eta Felix dira Julen Apella berriztarrak sortutako protagonistak. Jokin azkarra, sortzailea eta egonezin handikoa da, eta Felix, ordea, neurritsua eta bizitza arrazional eta orekatuaren aldekoa. Pertsonaion bidez, gaztaro eta helduaroaren arteko tarte grisa  aztertu du egileak: nerabezaro luzatuaren eta helduaroaren atariko kontraesanak, lan-prekariotasunaren lehen kolpeak eta inozentziaren zein desiraren berrantolaketa. Apellak dio bere helburua egungo mundualdiaz hausnartzea izan dela, inguruko arazoetatik abiatuta. Durangoko Azokan bihar, 14:00etan, egingo duen aurkezpenean, irakurleekin harreman zuzena izateko aukera baloratuko du gehien.

-Zerk piztu zizun ‘Sakelako bihotzak’ idazteko gogoa?
-Narratiba lan bati heltzeko gogoa neukan, eta nire inguruko problematikei buruz idatzi eta hausnartzekoa. Egia esan, hasieran ez nuen argi zehatz-mehatz zer kontatuko nuen, baina bai garaiarekin kontaktuan egon beharko zuela kontatzen nuenak, eta pandemia osteko urteetan kokatu nahi nuela, hortik abiatuta egungo mundualdiaz pixka bat hausnartu ahal izateko.

-Protagonistak oso desberdinak dira izaeraz, jatorriz eta jokabidez. Zergatik aukeratu zenituen bi profil horiek?
-Niretzat garrantzitsua zen bi profil desberdin izatea, baina, era berean, esparru soziologiko berekoak izatea; garai eta espazio berdintsuan egonagatik, aztertu ahal izateko bakoitzaren bizipenek eta izaerak nola baldintzatzen zuten haien garapen psikologikoa. Batetik, Felix: neurritsua, bizitza arrazional eta orekatuaren praktikantea, kuadrikulatua ia, ezertan inoiz nabarmendu ez dena, baina azkenaldian, bizitako aldaketa batzuk tarteko, krisi pertsonal batean murgilduta dagoena. Bestetik, Jokin: azkarra, sortzailea, karismatikoa, egonezin handikoa; baina bere energia nora bideratu ez dakiena, eta pandemia ostean galduta eta “normaltasun” berriari neurria hartu ezinik dabilena. Interesgarria zen, niretzat, aztertzea bi posizio desberdin horietatik nola egiten zioten aurre heltze-prozesuaren erronkari.

-Poesiatik nobelara egin duzu salto. Arrazoirik al dago aldaketa horretan?
-Genero narratiboa probatzeko gogoa nuen, narratiba-irakurlea naiz, eta erronka gisa hartu dut nobelaren idazketa. Postal bat desertuan poema-liburuaren bigarren zatian, iruditzen zait bazegoela jada ‘Sakelako bihotzak’-eko hazia: tonua, estiloa, gai batzuk… bazeuden bertan ordurako, eta oraingo lanean horiek sakonago lantzeko aukera izan dut. Egiaz, esperimentazio- eta ikasketa-prozesu bat izan da, berria izan da dena niretzat, baina aske eta eroso sentitu naiz, eta askatasun eta freskotasun hori idazketara trasmititu izana nahi nuke.

-Liburua 2023an kokatu duzu, pandemiaren ondorengo “normaltasunaren” aroan. Zein garrantzi izan du une historiko horrek istorioarentzat?
-Nire ustez, garrantzi handia du. Batetik, normaltasun “itxurazko” moduko bat bizi izan genuelako, gazte askok itxialdia haien garapen pertsonalaren eten gisa bizi izan zutelako eta berriz ere munduratze horretan egokitzapen prozesu bat bizi behar izan zutelako; nobelan, Jokinen krisia, bereziki, testuinguru horren ondorio da neurri batean. Eta bestetik, pertsonaiak mende berriaren hasieran jaiotakoak diren neurrian, justu 21-22 urte bueltako adinean kokatzen dituelako, hain zuzen nik neuk landu nahi nuen adin tartean, zeinetan jada deseroso sentitzen diren akaso gehiegi luzatzen ari diren nerabezaro baten ondorioz, baina era berean, helduaroko erronkei prest egiteko tresnarik gabe oraindik.

-“Linbo” moduko aro bat deskribatzen duzu, nerabezaroaren amaieran eta helduaroaren atarian dagoen tarte grisa. Zein da, zure ustez, garai horren zailtasunik handiena?
-Asko izan daitezke. Bat, adibidez, izan daiteke mundu-laboral prekario batean lehen pausoak ematea bizitzako beste esparru batzuen garrantzia albo batera utzi gabe. Hau da, lanaren eskakizunetatik haratago, gai izatea inguruko harreman pertsonalak zaintzeko eta kalitatezko espazioa eta denbora eskaintzeko bizitzako beste esparru batzuei: zaletasunei, sormenari, konbikzio politikoei, jakin-min askotarikoei… Lana deszentralizatzeko, funtsean. Horren harira, inozentziaren eta desiraren berrantolaketa ere aipatuko nuke: haurtzaroko eta nerabezaroko inozentzia puntua galtzen ari dira pertsonaiak, baina, aldi berean, bada erresistentzia antzeko bat inozentziaren, edo nahi bada, biziminaren alde. Gazteak dira, bizitza oso bat dute parez pare irekita eta mundua elementu bizi eta moldagarri gisa ulertzen dute; haien garaiaren ondorio sentitzen dira, baina baita, era berean, hain garaiaren kide eta protagonista ere: niretzat ezinbestekoa zen horrek sortzen dituen indarra eta intentsitatea ere transmititzea.

-Durangoko Azoka jendez lepo egoten da urtero. Bertan, liburuaren aurkezpena egiteko aukera izatea garrantzitsua al da zuretzat?
-Duela bi urte ‘Postal bat desertuan’ aurkeztu genuenean, eskualdean egin genuen lehen aurkezpena izan zen, eta oso ederra izan zen. Oraingoan, Berrizko Hiltegixen eta Durangoko Hitz liburu dendan egin ditugu aurkezpenak jada; beraz, ez dakit, beharbada beste jende profil bat egon daitekeela espero dut. Aurkezpena egin aurretik, standean sinatzen egongo naiz, 12:00etatik 14:00ak arte.

-Zer harreman duzu Durangoko Azokarekin? 
-Urtero egiten dut bisitatxo bat. Egitaraua alde batera utzita, normalean gehien gustatzen zaidana urtean zehar ikusi ohi ez dudan jendea ikustea da, lagunekin elkartzea, bazkaltzea, trago batzuk hartzea… Artista gisa, irakurleekin egoteko aukera ere bada, edo miresten dituzun beste artista batzuk ezagutzekoa. Hau da, azokak eduki dezakeen zentzu sozial edo komunitarioa da gehien interesatzen zaidana eta gehien baloratzen dudana. Aurten, adibidez, Behe Bandakoen ‘Zeri idatziko diogu orduan?’ errezitaldia ikusi nahi dut.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados