“Zornotzarra naz eta harro nago” esan eban berak eta danok `neu be baaaaaai´ erantzun geuntson; gehienek algaraka eta beste hainbatek geure golkorako, Joseba Fernandezek SACZen izenean herriko jaiei hasierea emoteko pregoia bota ebanean.
Joan egin jaku Karmen kaletik gora eta behera irribarre bategaz ikusten genduan herrikidea, joan egin jaku isilik, zaratarik egin barik, gaixotasunari atzea emon izan baleutso bezala… eta hotzikara sentidu dogu hainbatek bere aurpegia paper batean ikusi dogunean.
Joan jaku azken urteotako zornotzartasunik garbienaren eredua, barkatu egingo deustazue hainbat esan barik itziko dodazalako, baina Joseba zan (edo da, beste plano batean) herrikide zaharrenek gogoratuko dabezan Sema eta Enrike Renteria lakoak, herrigintza kulturaren bidez egiten ebenetakoa, adiskidetasuna irribarre kolpez sortarazoten ebanetakoa. Ez eban SACZ berak sortu baina Sociedad Artístico Cultural Zornotzak antolatzen ebazan saltsa guztietan egoten zan, bardin Enrike Renteria Margoketa Lehiaketan, bardin Zintzilik-eko margoak etxerik etxe banatu behar ziranean eta abuztuan batu behar ziranean, Koralak antolatzen ebazan kontzertuetan,txokoko asuntuetan… Eta, bide batez, aseguruak saltzen, bere familia zaintzen.
Ez dago herrian Joseba ezagutuko ez ebanik, gazte zein zahar, kalezale zein etxezale, esango neuke lurrazpiko zornotzarrek be ezagutuko ebela, gure herriko espaloi eta kaleak ondo ibiliak ebazalako, ibilian eroaten eban alaitasunagatik.
Joan jaku Zornotzatik, baina adi egon daitezala lehenago zeruratu daitezanak,espabilau daitezala San Pedro eta inguruko guztiak. Dagoen lekuan be, Josebak goi-beheak joko ditu taldetxoren bat antolatzeko. Ni behintzat, uztaila aldean, zerura begira egongo naz ea margoren bat zintzilik ikusten dodan eta haizearen txistuarekin doinu gozoren bat heltzen jatan. Zaindu gagizuz Joseba, zagozan lekutik zaindu eizuz zorrontzarrak!
Komentario ederra eta esanguratsua. Joseba maitatua izan da Zornotzan, jende ezbardiña bereganatu eban bere gizatasunez eta alaitasunez. Goian Bego