“Pergola pilastra edo zutabeen gainean bermatzen den sare edo zurezko hesi batez osatutako galeria da; askotan aihen eta landare igokariz edota bestelako landare apaingarriz edertua egoten den hiri-altzaria”. Horixe da pergolari buruz sarean aurkitu dudan azalpen edo definizioa.
Egia esan, ez dakit beste herri batzuetako pergolek definizio hau betetzen duten, ni bizi naizen inguruan behintzat ez dute inolako aihen edo landare igokaririk, biluzik daude pergolak. Agian, diseinatu zituenak landare apaingarriz ederturiko guneak izango zituen buruan. Beharbada, landare horien gerizpetan irakurtzen edo solasean irudikatuko zituen herritarrak.Horrelako usteren bat izango zuelakoan nago, baina, kasu honetan usteak erdia ustel.
Halere, ezin dezaket esan gure herriko pergola guztiak biluzik eta triste aurkitzen direnik. Egun hauetan ikusi dut bat, behinik behin, bere edertasuna erakusgai jartzen, lore morez apaindurik. Oraindik gerizpe askorik emateko gai ez den arren, zutabe bitatik gorantz doazen landare pare batek sortzen duen irudia ikaragarria da. Egia esan, gainontzeko zutabeak, bat izan ezik, zementoz inguraturik daude, ez zuten landererik jartzerik aurrikusi, antza.
Ez dakit nori dagokion pergolen zaintza, gaurdaino ez dut inoiz horrretan gehiegi pentsatu, baina aldea begi bistakoa da, eta amets egitea doakoa denez, zera datorkit burura: Izango ote dute nire etxe inguruko pergolek horrelako landarerik inoiz? Izango ote dut ikusterik?
Edertasun honen liluran ametsetan jarraituko dut eta, besterik ezean, noiz behinka, ikusi berri dudan pergola honetara hurbilduko naiz bere koloreez gozatzera.
Arrazoia duzu, gure hiriak atseginakoak egiten dituzte lorak eta landareak, baina horrek mantenu baten beharra dauka eta inbertsio ekonomiko horrek jendearen atseginaz gain ez dauka beste ekarpenik, nire ustez beharrezkoa hiri adeitsuetan bizi ahal izateko. Norbaitek inguruan mendi ugari ditugula esango du irteerak egiteko, baina kaleak guztiontzat izan behar dira; haur, gazte, heldu eta nagusi. Egia esan azken urte hauetan kaleetan zeuden lorontziak desagertzen joan dira eta egun, lehen ere gutxi bazeuden ere, gaur ez da bat ere geratzen.
Badirudi norbaiti bost axola naturarekin izan dezakegun lotura txiki hori.
Kasualitatez, Durangoko Udalak Andra Mari ondoan dagoen errekan lore eder batzuk jarri eta hesiak margotu ditu, eta benetan eder ederra geratu dela.
Zeelandeko (Herbehereak) herri txiki batean harrapatu ninduen, zaborrontzi txikiak (familia bakarrekoak) bizilagun bakoitzarenak direlako. Kale berean sei ere baziren.
Ea mentalizatzen garen guk erosi ez dugun arren zeharka ordaintzen ari garela.