Durangoko Azoka
Euskal Denda
Atxondoko Udala
Izurtzako Udala

100 ale, bikaintasunaren seinale

Etengabeko lanaren bitartez, urte luzetan isilean ekinez, Durango eta inguruei albiste eta jakingarri ugari iragarriz, herrian sortu eta eskualdera so izanez, geldiro-geldiro, apaltasun eta urrats xumez gaurko ale honekin helburu erraldoia lortu du Durangonek 100. aldizkaria argitara emanez. Zorionak DURANGON Aldizkariari eta langile guztiei!!!

Bizitzan asko dira 100 zenbakiz adierazten ditugun garrantzi handiko ospakizun edota gertaerek eta horren erakusle ba­tzuk besterik ez aipatzearren gogora ditzagun honako hauek: lehendabiziko bederatzi zenbaki lehenen batura 100 da; baita urak itsas mailan irekitzean gradu zentigradutan neurtutako tenperatura ere; mundu mailako diru unitaterik gehienen zatien kopurua ere (zentimoak) eta azkenik mende batek dituen urte-kopurua adierazteko ere erabiltzen da. Ehun zenbakia, zenbaki magikoa dugu, bizitzaren esparru guztietan (literaturan, historian, erlijioan etab.) agertzen zaiguna alegia. Politikagintzan ere ohikoa izaten da, teorian behintzat, hauteskundeetatik sortutako gobernu demokratiko bati oposizioak ehun eguneko grazia-aldia ematea.

Edozein egitasmoren oinarrizko elementuetako bat zerbaitetarako “gogo-bizia” edo “nahia” izaten da, hau da, emaitza edota gertaera jakin bat eman dadin itxaropena. Duela 12 urte erein zen formatu txiki eta apalean DURANGON Aldizkariaren lehen hazi txikia, gerora urteen joanean ilusioz eta itxaropenez ureztatutako hazia. Gogo biziz, sinesmen handiz eta hutsik gabeko eguneroko lanari erruz heldu eta ekinez, bilakatu zaigu egun daukagun DURANGON Aldizkari mardul eta osasuntsua.

Gure sinesmenek, mugatzaile zein sustatzaile izan, gure itxaropenekin erlazionatuta daude. Itxaropenek gure jarrerengan era desberdinez eragiten digute beti ere abiatzen den noranzkoaren arabera. Sigmund Freud-ek honako hau adierazi zuen: Ideia batzuek itxaropen-sentimendua dakarte. Ideia horiek, bi motakoak dira: gauza bat edo beste eginez intentzio izendatzen ditugun “niri” buruzko ideiak, eta, bestalde, gauza bat edo beste gertatu dakidanari buruzko itxaropen izendatzen ditugun ideiak. Eurei atxikitako sentimendua bi faktoreren araberakoa da: lehenik eta behin, emaitzak norberarentzat duen garrantzi-mailaren araberakoa; bigarrenez, emaitza horri buruzko itxaropenari datxekion ziurgabetasun-mailarekikoa.

Norbanakoek lortu nahi dituzten emaitzekiko eta, zeresanik ez, gure gaitasun pertsonalekiko ditugun sinesmen eta itxaropenak, eragin ikaragarria izaten dute lortu nahi diren egoera eta helburuak lortzeko.

Freud-en “intentzio” eta “itxaropen” hitzen arteko desberdintasuna psikologia kognitiboan «norbere eraginkortasunerako» itxaropena eta «emaitzarako» itxaropena dira hurrenez hurren.

Jokabide arrakastatsuak

Emaitzarako itxaropena jokabide jakin batek emaitza jakin batera garamatzanari buruzko balioespen pertsonalaren emaitza dugu. Norbere eraginkortasunerako itxaropena, bestalde, lortu nahi ditugun emaitzak lortzeko beharrezkoak diren jokabide eta jarduera arrakastatsuak garatzea posible direnaren barru-barruko erabateko sinesmenarekin lotuta dago.

Sinesmen eta itxaropen horiek izaten dira, sarritan, gizakia zeren besteko ahalegin kopurua egiteko gertu dagoen zehaztera datozen faktoreak eta baita egoera zail edota estres handikoen aurrean aurkitzen garenean ere, gure ahaleginaren iraupena, kasurik gehienetan, zehazten dizkigutenak.

Hainbat aldiz ikusi ditut, batez be pandemia egoera honetan, emaitzarik lortuko duten posibilitateaz itxaropenik gabe agertu zaizkidan edota helburuak lor­tzeko euren gaitasunaz sinesgaitz azaldu zaizkidan adiskide, guraso eta ikasleak, euren mugetara hurbiltzen hasitakoan, beldurrak edota segurtasunik ezak eraginda, gainbehera etorriak. Oro har, emaitza-itxaropenik ezak etsipen sentimendura garamatza eta behin egoera horretan izanik norbanakoa gogogabetasunaren besoetan eror­tzen da bertatik irtetzeko aukera gutxi izanez.

Norbere eranginkortasun-­itxaropenik ezak, bestalde, moldakaiztasunarekiko sentimendua sorrarazten du eta horren ondorio latz eta gogorra, norbanakoa «ahalmenik gabe» sentitzea da.

Aldiz, errotik sendo eta baikor sustraitutako itxaropenek norbanakoa ahalegin berezi eta ezohikoak egitera bultza dezakete, horrela lozorroan liratekeen gaitasunak askatuz. Aldaketa eta ikasketari dagokienez, emaitza-itxaropenak zerikusi zuzena dauka norbanakoa ikasiz dabilen gaitasun eta jokabideen bitartez edota konprometituta dagoen ekimen bidez helburu dituen onura guztiak benetan lortuko dituen itxaropen mailarekin.

Norbere eraginkortasun-itxaropena, bestalde, trebetasun barriak ikasteko gutariko bakoi­tzak dugun gaitasun edo eraginkortasunari buruzko kon­fiantza mailarekin edo helburu diren emaitzak lortzeko beharrezko jokabideak baitaratzeko gaitasunarekin erabat uztartuta dago.

Ekintza eraginkorren bitartez begiz jotako helburuak egoera zailetan lortzeak, jada norberak dituen gaitasunetan norbere konfiantza-maila errotik indar­tzen laguntzen du. Eta hori guztia horrela gertatu izatearen arrazoi nagusia hauxe da: behar diren gaitasunak gure baitan ditugun arren, oro har, ez ditugu gure ahalmen guztiak, gure potentzialtasun guztia garatzen eta, ondorioz, bizitzak froga gisa begi aurrean jartzen dizkigun egoera latzetan geure burua ikusi eta gure muga denak kolokan jartzen dizkigun arte ez dakigu gure trebetasun, gaitasun eta ahalmenak nora arte iritsi daitezkeen eta zer egiteko gai garen.

Motibazio-iturriak

Hainbatetan entzun izan diet gurasoei euren seme-alabak ez dutela motibaziorik edota ez dutela motibatzeko arrazoi berezirik aurkitzen. Egia esan, norbere jokabideari esker lor­tzea espero den helburuekin zerikusia duten itxaropenak dira motibaziorako iturririk garrantzitsuenak.

Ikuspegi horretatik, norbanakoak dagiana eta behin egindakoan sentitzen duena, aurreikusitako ondorioei egotzitako zio eta xedatutako balioaren araberakoa da. Emaitza garran­tzitsu eta onuragarriak lortzeko itxaropenak norbanakoari ahalegin gehigarria garatzeko motibazioa sorrarazten dio. Bestalde, espero diren ondorioak “kaltegarritzat” hautematen baldin badira, abstentziorako eta etsipenerako bide izaten dira.

Itxaropena, Programazio Neurolinguistikoaren ikuspegitik, buru-mapa dugu, hau da, gure ekintzak eta gerora izango diren ondorioak uztartzen dituen buru-mapa. Mapa horren kalitateak islatuko du gure jokabidea edota gure jokabidearen ondorioz eratorritako emaitza edota gerta liezazkiguketen jarduerak. Mapa horiek oso sendoak direnean, inguratzen gaituen errealitateak gure erabaki eta jardueretan eragiten digun baino indar askoz sendoagoz eragin liezazkigukete.

Guztiok sortzen ditugu itxaropenak eta mundua itxaropen horietara egokitze asmoa izaten dugu. Gure bizitzaren eta bizi­tzari buruz eraikitzen ditugun itxaropenaren arteko alde edota diferentziak dira gure bizitzan ditugun atsekabe eta akidura ugariren oinarri. Arrakastari edo porrotari buruzko ikuspegi bati aurrea hartzea da, «betetzen diren iragarpenak» esamoldeaz ezagutzen direnen oinarri.

Itxaropenak

Gure itxaropenek, beraz, zirrara sakona eragiten digute gure motibazioan eta baita gure esperientziatik eratorritako ondorioetan ere. Laguntzari buruzko itxaropenak, norbanako baten jokabidean, adibidez, laguntzak berak baino eragin sakonagoa sortzen du.

Hori dela eta, etorkizunean izan dezakegun laguntzaren inguruko itxaropen eta sinesmenak jokabidean askoz gehiago eragiten du iraganean jokabide berberak laguntza jaso izanaren egitate objektiboak baino.

Itxaropenaren indarra, aurreikusitako ondorioaren irudikapenaren sendotasunaren araberakoa da eta, horregatik, gizaki batek etorkizuneko ondorioren bat bere irudimenean zenbat eta gehiago entzun, ikusi eta sentitzen duen, dagokion itxaropena are indartsuagoa izango da.

Hortaz, itxaropenak inten­tsifikatu edota biziki suspertu daitezke, beti ere sentsazioak, irudiak eta baita barne-soinuak aberastu eta etorkizunean izan daitezkeen ondorio edota ekin­tza posibleei lotzen bazaizkie.

Antzeko eran, itxaropenak ahuldu ere egiten dira baldin eta etorkizunean litezkeen ondorio posibleei atxikitako barne-irudikapenen indarra edota kalitatea gutxitu edota ahultzen diren kasuetan.

“Zergati-ondorio”

Itxaropen jakin baten intentsitatea, “zergati-ondorio” bikoteaz diren azpi-iritziek ere baldin­tzatuta dago. Itxaropenak sarri askotan azpi-azpian ditugun sinesmenen isla besterik ez dira izaten eta ikuspegi horretatik «gogor lan egiteak merezi duela» uste baldin badugu, zentzuzkoa da egindako ahaleginaren orde bezala saririk ikusi nahi izatea. Ikasgela baten irakasleak «Katalin ikasle oso ona da» esatea nahiko da, beste barik, ikasgela guztiak aurrerantzean Katalinek emaitza bikainak lortuko dituela uste izateko.

Azpi-sinesmenak erresisten­tziak edota aurkaitxaropenak ere sor ditzakete. Freud-ek honela adierazi zuen: Zalantza subjektiboa, aurkaitxaropena, ideia antitetiko asaldatzaile izendatzen ditudanen idea multzoak irudikatzen du. Intentzioari dagokionez ideia antitetiko horiek honela azaltzen dira: «nire asmoak egia bihurtzen ez dut arrakastarik izango gauza hau edo beste hori niretzako zailegiak direlako eta ez nago horretarako gaituta. Bestalde, badakit beste batzuk an­tzerako egoeran porrot egin dutena.» Beste kasuak, itxaropenari dagokionak, ez du iruzkinik behar: ideia antitetikoa, gertatzea nahiko nukeen gauza izan ezik, beste guztiak zerrendatzean datza.

Ondorioz, itxaropena “aldeko” edo “kontrako” izan daitezke, hau da: lortu nahi diren emaitzen lagungarri edota aurkari. Itxaropenen aldaketa edota ezarpenerako funtsezko antolabidea hurrengo estrategietako bat abiaraztean datza: lehena, itxaropenari atxikitako barne zentzumen-irudikapena zuzenean lantzean eta, bigarrena, itxaropenaren iturri diren azpi-sinesmenak sakon arakatu, aztertu eta jorratzean.

Aukeratzen dugun arloa aukeratzen dugula, goi mailako arrakasta lortu ahal izateko, gizakiok etsipen-, ezintasun- eta meriturik-eza bezalako sinesmen murritzaile eta ezezkorrak errotik erauzi eta etorkizunarekiko itxaropena, gaitasun eta erantzukizun sentipena eta balio-pertenentzia bezalako zentzu bikain eta onuragarri direnekin ordezkatu behar ditugu. Hori da daukagun eginbehar nagusia gure eta ingurukoen zoriontasuna helburu baldin badugu. Geure esku dago.

Gorka Aurre es licenciado en Derecho, Neurotrainer y Experto en Desarrollo Intelectual

Artículos: 2
1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (1 votos, media: 1,00 sobre 5)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados