
Elorrioko Musikaire jaialdiak hirugarren asteburuari ekingo dio gaurtik aurrera eta prestatutako programazioan bi musika agerraldi eta zirkua eta antzerkia uztartzen dituzten proposamenak eskainiko dira.
Lehenengo bi ekitaldiak Lariz jauregiko lorategian izango dira gaueko 22.30ean hasita eta gaurko saioko protagonista Abou Diarra maliarra izango da. Agerraldian sorterriko erritmo tradizionalak blues, jazz edo rock estilo garaikideekin nahastuko ditu eta horretarako gitarra, banjoa, harpa edo perkusio tresna bezala erabiltzen duen n’goni-az baliatuko da.
Diarrak (n’goni eta ahotsa), Moussa Koita (teklatuak eta koroak), Daouda Dembelé (gitarra), Jean Sebastien Masanet (baxua) eta Amadou Daou (perkusioa) izango ditu taldekide.
Jazza nagusituko da zapatuko ekitaldian, alde batetik Nes (Nesrine Belmokh) eta bestalde María Arnal eta Marcel Bagés izango baitira agertokian. Nes-ek (ahotsa eta txeloa) jazza, etnosoula, chanson frantziarra eta erritmo arabiarren uztarketa egiten du, lirikotasunez eta pasioz beteriko eszenaratzean. Agertokian Matthieu Saglio (txeloa eta sanplerra) eta David Gadea (perkusioa) izango dira talde buruarekin batera.
María Arnal (ahotsa) eta Marcel Bagés (gitarra) bikoteak eskainiko duen saioa, fonoteketan aurkitutako grabazioetan oinarritzen da. Horretarako Arnalen ahots natural eta sakonean eta Bagésen inprobisazioekin baliatzen dira.
Asteburuko egitaraua osotuko duten saioak Herriko plazan izango dira domekan, 19.00etan hasita. Cie. Jean Philippe Kikolas-ek eskainiko duen ‘Sin remite’ lanean zirkua eta keinuzko umorea batzen ditu, malabareak eta bestelako teknikak erabiliz.
Dúo Masawa taldeak eszenaratuko duen ‘Involución’ ikuskizunean berriz, kale antzerkia, dantza, akrobaziak eta malabareak batzen dira, gorputz-espresioaz eta musikaz baliatuta.