
Gerediaga elkarteak eta Durango Udalak eratutako ‘Sormen Beka DA!’ ekimenaren bigarren edizioak musika izango du aurtengo deialdiaren oinarri eta oraingoan ere 15.000 euroko diru saria eskuratuko du aukeratako proposamenak. Nera Mujika elkarteko presidenteak eta Ima Garrastatxu Durangoko alkateak eman dute deialdiaren berri gaur goizean egindako aurkezpenean.
Egitasmoa 18 urtetik gorako sortzaileei irekita badago ere, deialdia adin guztietako sortzaileentzat zuzentzen dala gogoratu du Mujikak. “Sarritan lotura zuzena egiten dugu gazteen eta sortzaileen artean eta ez da hori bakarrik”, sortzaile izateko prest dauden “jubilatu aktiboen” partaidetza ere aldarrikatu baitu.
Musika izango bada aurtengo deialdiaren oinarria, antolatzaileek “diziplina bakarra edota diziplinen arteko uztarketa” onartuko dute. Parte hartu nahi dutenek banaka zein taldeka aurkeztu daitezke; hala ere, lan bakarra izan dezakete kaleratua eta “diskoetxe batekin kontratua izan ezkero deialditik kanpo” geldituko dira.
Irailaren 21era arteko epea
Sortzaileen egitasmoak gaur hasi eta irailaren 21ko 18:00ak arte aurkeztu daitezke. Deialdira aurkeztutako lan guztien artean lauzpabost proposamen aukeratuko ditu arlo desberdinetako adituekin osatuko epaimahaiak. Aukeratutakoek “euren proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean”, Mujikak adierazi duenez.
Epaimahaiak lan bakar bat aukeratuko du finalisten artean eta honek 15.000 euroko saria izango du sorkuntza prozesua gauzatzeko eta horren emaitza plazaratzeko. Aukeratutako egitasmoa 54. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da ezagutzera eta egun horretatik aurrera urte beteko epea izango du lana burutzeko eta 2020ko Durangoko Azokan aurkezteko.
‘Sormen Beka DA!’deialdiak eta Durango Azokak hiriarentzat eta durangarrentzat duten garrantzia azpimarratu du Garrastatxuk, hiria “Euskal Herriko hiriburu” eta “euskal kulturaren plaza” bihurtzen delako abendu hasierako egunetan. Egun horietan, gainera, Durangoren irudia “Euskal Herritik haratago proiektatzen da, euskara eta kultura lehen lerrora pasatuz eta herriarentzat eragin ekonomiko handia» dela ere adierazi du.