Miren Amurizak helduentzat idatzi duen lehenengo eleberria aurkeztuko du bihar, arratsaldeko 18:00etan hasita, Durangoko Andragunean. ‘Basa’ izenburua duen lanaren aurkezpenean Maite Berriozabalek parte hartuko du.
Elkar argitaletxeak kaleratu duen elaberria bi urteko lanaren emaitza da. Izan ere, bertsolari eta sortzaile berriztarrak idazle gazte bati beka bat ematen dion Igartza Literatur Saria irabazi zuen 2017an, ‘Paperezko txoriak’ proiektuarekin.
Sorkuntza prozesua burutu ondoren ‘Basa’ eleberria aurkeztu zuen apirilaren hasieran, lan horren protagonista 80 urte inguru dituen Sabina emakumea dela. Amurizaren pertsonaia “andre basa bat, baserritara, zaildua, tenperamendu eta nortasun handikoa” dela deritzo idazleak berak.
Amurizaren istorioa herri txiki baten kokatzen da. Senarra hil ondoren Sabina arduratuko da baserriaren gobernantzarekin eta azken urteotan Henry koinatua zaintzen dabil. Lanaren oinarrian “zaintzailearen eta zainduaren arteko mendekotasun harreman bat” dagoela adierazi zion egileak Danele Sarriugarteri obra berria aurkezteko egindako elkarrizketan. Eleberriaren protagonista, hala ere, “bere rolari buelta ematen saiatzen da nolabait boteretzeko; berarentzat oso garrantzitsua da ingurukoek funtzio hori aitortzea, horrexen baitan ardazten baita bere egunerokoa”.