
Durangaldeko bi ordezkari izango dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren final nagusian. Miribilla auzoko Bilbao Arenan abenduaren 17an jokatuko den ekitaldian Miren Amuriza eta Beñat Ugartetxea lehiatuko dira 2016ko txapelaren bila, norgehiagokan beste sei partaiderekin.
Amuriza hirugarren postuan sailkatu zen zapatuan Larrabetzun jokatutako hirugarren eta azken finalaurrekoan, baina ekitaldian lortutako 504,5 puntuekin finalean egoteko txartela eskuratu zuen. Beñat Ugartetxeak berriz, Basauriko saioa irabazita lortu zuen finalerako txartela.
Amuriza eta Ugartetxearekin batera izango dira Bilboko finalean Etxahun Lekue eta Jone Uria, Larrabetzu eta Markina-Xemeingo finalaurrekoen irabazleak. Beste lau finalistak, finalaurrekoetan metatutako puntue bitartez lortu dute txartela: Ibon Aguriagojeaskoa (507,5, Larrabetzun), Onintza Enbeita (497, Basaurin), Xabat Galletabeitia (495, Basaurin) eta Nerea Ibarzabal (482, Markina-Xemeinen).
Sailkapeneko hurrengo postua, bederatzigarrena alegia, Eneko Abasolo ‘Abarkas’entzat izan da, baina Markina-Xemeingo saioan pilatutako 478,5 puntuak ez dira izan nahikoak Bilboko finalerako txartela lortzeko. Finalerdietan lehiatutako eskualdeko beste bi ordezkariek hamabigarren (Txaber Altube, 450.5 punturekin) eta hamaseigarren (Aitor Bizkarra, 420 punturekin) postuetan sailkatu ziren.
Bilboko finalean egin beharko duten lana zortziko nagusian hiruna bertso ofiziotan; zortziko txikian hiruna bertso ofiziotan eta hamarreko txikian hiruna bertso ofiziotan eskaini beharko ditu bertsolari bakoitzak. Hasierako saioa osotzeko bakarkako lanari ekingo diote, puntua emanda, bertso bi zortziko txikian kantatuz lehenik eta ondoren, gaia emanda, hiru bertso doinu eta neurri librean eskaini beharko dituzte.
Hasierako ekitaldian puntuazio gehien lortzen duten bi bertsolariak pasatuko dira bigarren atalera. Azken agerraldian, zortziko txikian hiruna bertso ofiziotan eta seiko motzean hiruna bertso ofiziotan eskainiko dituzte lehehik eta saioa amaitzeko kartzelako lanari ekingo diote, gaia emanda hiru bertso doinu eta neurri librean kantatuz.