Amorebieta-Etxanoko udalak Larrea kiroldegian eskaintzen dituen kirol-ikastaroen eskaintza otsailetik aurrera berreskuratzeko asmoa agertu du, betiere “osasun egoerak uzten badu”.
Udal instalazioean eskainiko diren GAP, pilates eta spinbike jarduerak arratsaldez izango dira. Jarduera horiek jada goizeko ordutegian ematen diren mantentze gimnasia, egokitzapen fisikoa, pilates-a eta spinbike-ari gehituko zaizkie.
Iragarritako hiru ikastaroen iraupena bi hilabetekoa izango da eta bertan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea urtarrilaren 13tik 26ra bitartean. Sortuko diren taldeak murritzak izango direnez plazak izen-emate ordenaren arabera esleituko dira, nahiz eta lehentasuna izango duten kiroldegiko abonatuak diren erabiltzaileek.
Ikastaroetan parte hartzeko asmoa dutenek Larrea kiroldegira zuzendu beharko dira, kiroldegira bertara joanda edo kirolak@amorebieta.eus helbidera mezu elektronikoa bidaliz.
Pandemiak eragindako osasun egoerak hala eskatuko balu, iragarritako kirol jardueren eskaintza guztietan “aldaketak egon daitezkeela” adierazi dute Udal arduradunek. Hori horrela, informazioa oso orokorra denez, ikastaro hauen garapena momentuko egoerak baldintzatuta egongo da.