‘Amets hitzaren ametsak’ izenburuarekin Joseba Sarrionandiak gaur eguerdian eskainiko duen solasaldiak “amets hitzak hartzen dituen formak” izango ditu hizpide, idazleak berak argitu duenez. 2022ko Hitzez eta Ahotsez ekimenaren egitarauan tartekatutako solasaldia Arte eta Historia Museoan izango da eta Leire Bilbaok aurkeztuko du.
Literatur ekimenaren aurtengo gaia ‘Ametsak’ denez, idazle iurretarrak hitzaren lexikologian oinarritu da. “Amets hitzaren esanahi desberdinetatik abiatu eta hitz horretatik datozen hitz guztiak: amets txarra, amesgaiztoa, ametsetan,… hitz pilo bat datoz”, errepasatuko ditu.
Ideia horrekin “euskal literaturaren antologia txiki baten modukoa egingo dut, amets hitzaren forma diferenteak esplikatzeko. Eta autoreak aipatuko ditut, Lizarraga, Tartas, Kirikiño… amets hitzaren bertsioak literaturako testuetan aipatuz”.
Hitzez eta Ahotsezen lehenengo parte hartzea badu ere, Sarrionandiak lotura zuzena izan du hasieratik ekimenarekin. “Marisa Barrenarekin eta Juanan Aromarekin alfabetatu nintzen eta Marisak euskararen inguruan egiten duen edozer gauzatan laguntzeko prest nago”, aipatu du idazle iurretarrak, eta “oraintxe dut laguntzeko aukera” azpimarratu du.
Irakurraldi girotua
Biharko solasaldia 2022ko Hitzez eta Ahotsez ekimenaren azken aurreko hitzordua izango da. Ohikoa denez,edizio hau Irakurraldi girotuarekin agurtuko da eta ekainaren 10ean izango den jarduna Benita Uribarrena parkean burutuko da, 17:00etatik 21:00etara.
Bertan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, eta parte hartzaileek sortutako, aukeratuta eta antolatzaileek aukeratutako testuak jendaurrean irakurriko dituzte. Dagoeneko, 100 literaturazalek eman dute izena bertan parte hartzeko.