Ibarretxe Kultur Etxeko bibliotekan ematen den zerbitzua baino ordutegi zabalagoa eta malguagoa izango duen Ikasgela ireki du Iurretako Udalak Bixente Kapanaga kaleko 9. zenbakian. Gune berriak 35 laguneko okupazioa izan dezake eta asteburuetan ere erabili ahal izango da.
Nagusien Etxearen alboan kokatuta dagoen zerbitzua 90 metro karratuko lokal baten dago. 65 metro karratu ikasgelarako dira eta gainontzeko azalera sarrera txiki batek, bainugelak eta barruko patioak beteko ditu.
Ikasgela berriak sei lagunentzako bost ikasmahai ditu, eta beste bat hormaren kontra jarria, beste bost ikaslerentzat. Gune bakoitzak hartune elektriko/entxufe bat izango du, eta espazio guztian egongo da wifi sarbidea.
Ikasgela 16 urtetik gorako ikasleek erabili ahal izango dute, goizeko 9etatik gaueko 9etara, etenik gabe. Larunbat, igande eta jaiegunetan berriz, 10:00etatik 20:00etara egongo da irekita.
Ikasgelara joateko, erabiltzaileek sarrera-txartel bat izango dute, eta, beraz, zerbitzuan alta eman beharko dute, udalari eskatu ondoren. Txartel hori pertsonala eta besterenezina izango da, sarbideak elektronikoak izango dira eta baimenak kultur etxetik kudeatuko dira.
“Bibliotekan eskaintzen den zerbitzua arintzeko beharra ikusten genuen, eta, aldi berean, bibliotekako gelako erabiltzaileek planteatzen zituzten beharrei erantzuteko, hau da, ordutegi zabalagoa eta malguagoa, liburutegiaren ordutegiari lotuta ez dagoena eta egunero erabili ahal izango dena, baita asteburuetan ere”, adierazi du Iñaki Totorikaguena alkateak.