Herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzeko helburua duen Euskaraldiak, hirugarren edizioa egingo du azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Euskal Herri osoan egingo den ariketa sozial erraldoia Durangon ere egingo da eta horretarako Euskaraldiaren batzordea sortu zuten hainbat eragilek.
Durangon, Euskaraldiaren batzordea martxan ipini berri dute edizio honen lanketari ekiteko, eta lehen pausua “durangarrei hirugarren edizioaren aurkezpena egitea izango da, batzar ireki baten bidez”, lantaldearen esanetan.
Aurkezpen ekitaldia bihar izango da, arratsaldeko 19:00etan Udal Euskaltegiko Berbagunean (Saibi kalea, 10) eta bertara durangar guztiak daude gonbidatuta. Eragileek “dei berezia” luzatu diete “herriko elkarte eta taldeetan parte hartzen dutenei, horien parte hartzea eta harremana garrantzitsua izango delako Euskaraldiko edizio berria arrakastatsua izan dadin”.
Bilera horretan, alde batetik, Euskaraldiko edizio honen nobedadeak eta nondik-norakoak azalduko dira, eta bestetik, Durangon herri batzordeak egin beharreko lanak zeintzuk diren azalduko da, eta interesa duenak bertan zelan parte hartu edo lagundu dezakeen.
Edizio honek bat egingo du aurreko edizioetako helburuekin; hau da, hizkuntza ohiturak aldatu, ahalik eta euskarazko hartu-eman gehien sorraraziz egun horietan, eta aurrerantzean ere ohitura horiei eustea.