Abadiñoko herritar talde batek sinadura bilketa hasi du Zelaietako oinezkotze ‘negargarria’ gelditzeko, auzune horretako “mugikortasunean ematen ari diren aldaketak auzoarentzat oso txarrak direlako”.
Ekimena bultzatu duten herritarren esanetan, Abadiñoko Udala gauzatzen ari den egitasmoaren ondorioz “Zelaieta alde bitan zatitu dute, biak elkarrekin inkomunikatuta daude”.
Bi guneen arteko distantzia 100 metrokoa baino ez bada ere, alde batetik bestera pasatu nahi duenak, “errepide nagusira irten behar du, Durangorantz jo kilometro erdi inguru, itzuli bide beretik eta berriro sartu auzora”.
Ordenamendu zentzugabea
Sinadura bilketa hasi duten herritarren esanetan “Udalak martxan jarritako aldaketa guztien ondorioa da ordenamendu kaotiko eta zentzugabeko bat, kontuan hartu barik Zelaetan bizi egiten duten pertsonen iritzia”. Izan ere, “dendariak haserre dira bezeroak arazoak dituztelako dendetara heltzeko”, “auzotarrak ezin dira autoz ibili Zelaietako kaleartean” eta “zerbitzuetako langileek —suhiltzaileek, osasun-langileek, teknikariek, banatzaileek…— ez dakite zelan iritsi etxeetara”.
Kaleratutako idatzian “Zelaietak behar duen mugikortasun plana herritarrokin batera landu eta garatu” behar dela azpimarratzen dute, plan horren helburua “oinezkoentzat gure kaleetan ibiltzea” erosoagoa egitea izan behar duelako. Era berean, “bizikleta bezalako garraioak bultzatzea” eskatzen dute, eta “leku bat egitea autoen erabilerari ere, desplazamenduetan oreka bat bilatzeko eta auzoaren bizitasuna mantentzeko”.
Herri galdeketa
Eskariaren helburu nagusiak une honetan egiten ari den peatonalizazino prozesua “gelditzea” eta fase berririk “ez hastea” dira, baita Zelaietako mugikortasun plana “birformulatzea”, “irisgarritasuna, segurtasuna eta auzoaren bizitasuna” uztartuz eta herritarrei erabakitze prozesuan parte hartzeko behar dituzten tresnak eskaini. Gainera, “Zelaietako peatonalizazino eta mugikortasun planari buruzko parte-hartze prozesuan sortzen diren proposamenak herri galdeketara eramatea”, eskatzen dute.
Eskaera herriko denda eta tabernetan banatu diren orrietan eta horretarako jartzen diren mahaietan sinatzen ahalko da.
Arteztea jakintsuena da…