Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik DBHko laugarren mailara bitarteko eskola-ume abadiñarrei zuzendutako Ipuin Lehiaketa antolatu dute datozen egunetarako Abadiñoko Udalak eta herriko ikastetxeak. Urtero antolatzen den ekimen honek “umeen idazmena sustatu nahi du”, Mikel Garaizabal alkate eta Euskara zinegotziaren esanetan.
Lehiaketa lau kategoriatan banatuko da. Gazteenen atalean, Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailakoak parte hartuko dute; hurrengo atalean, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailakoak; azken-aurrekoan, DBHko lehen eta bigarren mailakoak; eta azkenekoan, DBHko hirugarren eta laugarren mailakoak.
Orain arte egindako deialdietan ikastetxeetan idazten zituzten ipuinak baina aurtengo lehiaketarako lanak, alarma egoeraren ondorioz, etxean idatzi beharko dira. Ondoren, posta elektronikoz bidali behar dira ipuina2020@abadiano.eus helbidera, lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 20a dela.
Ipuinek gutxienez ehun hitz izan beharko dituzte, eta eskuz nahiz ordenagailuz idatzita egongo dira, DBHko ikasleen kasuan izan ezik, horiek makinaz idatzita baino ezingo baitituzte aurkeztu.
Idatzia ordenagailuan egiten bada, PDF formatuan aurkeztuko da, eta eskuizkribua bada, eskaneatu egingo da eta PDF formatuan edo JPG formatua duen argazkia bidali behar da.
Epaimahaiak diru-sari bana emango die kategoria bakoitzeko hiru ipuin onenei, eta saritutako lanak Udalaren webgunean argitaratuko dira.