
Gorka Pagonabarraga bertsolari durangarrak irabazi du Sarako trinketean jokatutako XXX. Euskal Herriko eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Pagonabarragak, Bizkaiko eskolarteko irabazi zuen maiatzaren 6an eta zapatuan Euskal Herriko onena izan zen, finalean izan ziren 13 bertsolarien artean.
Hasierako agurrak kantatu ondoren, binaka eta kasu betean hirukote moduan, zortziko handi eta txikiko ariketei ekin zioten 15 eta 18 urte bitarteko parte-hartzaileak. Agertokian Oihana Arana (Eskoriatza, 2001), Xabat Illarregi (Leitza, 2001), Haitz Capot (Zalgize, 2001), Elixabet Etxandi (Izpura, 2000), Irati Alcantarilla (Urruña, 2001), Aner Peritz ‘Euzkitze’ (Zarautz, 2002), Julen Etxeberri (Zaro, 2001), Hodei Renteria (Angelu 2000), Gorka Pagonabarraga (Durango, 2000), Ekiñe Zapiain (Bera, 2002), Aitor Ugarte (Aramaio, 2002), Iruri Altzerreka (Garai, 2000) eta Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001) aritu ziren.
Lehen probetan puntuazio handiena lortu zuten Aitor Ugarte, Aner Peritz, Elixabet Etxandi, Gorka Pagonabarraga, Irati Alcantarilla eta Oihana Aranak egin zuten aurrera. Altzerreka garaitarrak berriz, ezin izan zen bigarren txandarako sailkatu.
Banaka aritu ziren sailkatutako sei bertsolariak, lehen puntua emanda hasieran eta gaia emanda gero, zortziko txikian eta bost puntuko neurrian hurrenez hurren. Amaieran Pagonabarragak batu zituen puntu gehien eta Aner Peritz izan zen bigarrena.
Finaleko gai-jartzaile lanak Julene Etxeberrik egin zituen eta Ainhoa Sarasuak harrera eta agurreko aurkezletza. Epaile lanetan berriz, Aitor Jimenez, Arkaitz Goikoetxea, Eneritz Azkue, Joakin Arregi, Jurgi Fuentes eta Lierni Elortza aritu ziren, eta idazkaria Ane Errazkin izan zen.
1982tik bertsolaritza ikastetxeetan lantzen eta urte luzez Eskolartekoaren antolaketa lanetan aritu den Mikel Mendizabalek jantzi zion txapela Pagonabarragari. Txapelketa amaitu ondoren bazkaria izan zen eta bazkalostean Saran’ga txaranga aritu zen.
Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatutako Euskal Herriko Eskolartekoak, XXX. edizioa bete du aurten eta orain ere hasierako helburuari eusten dio, bertsolaritzaren harrobia izatea, hain zuzen.