
Gerediaga elkarteak Merinalde eguna ospatuko du gaur 1875ko abenduaren 27an egin baitzuten azken Batzar Nagusia Durangaldeko elizateetako alkateak. Gaurko ekitaldia orain direla 140 urteko bilera egin zen leku berean egingo da, Abadiñoko Gerediagako San Salbatore eta San Klemente baseliza izandakoaren aurrealdean dagoen gune foralean hain zuzen.
Eskualdearen nortasuna, lurraldetasuna eta izan zituen erakunde propioak gogoratuko dituen 2015eko Durangoko Merinalde Eguneko egitaraua eguerdiko 12.30ean hasiko da. Gerediagakoen esanetan “Urteroko baliatzen da elkartea egun honetan Merinaldeko gertakizunen bat gogoratzeko edo gure eskualdeak dituen erronka, arazo edo gai bati buruz berba egin, eztabaidatu eta gure ardurak zein kezkak plazaratzeko”.
Hori dela eta, Asier Madarieta, Bizkaiko Foru Aldundiko BizkaiKOA erakundeko zuzendaria, gonbidatu dute aurten, «Kultur ondarea eta herri garapena”ri buruz berba egiteko. Madarietak eskualdeko herriak izango ditu mintzagai eta herri hauek “mendeetan zehar izandako ibilbidearen ondorioz, biltzen duten kultur ondarearen etorkizunari buruz eta ondare hori sustatzaile ekonomiko modura izan duen garrantziaz”.
Gerediagako gune foralak 1875. urtera arte hartu zituen eskualdeko elizateetako alkateen Batzar Nagusiak, hurrengo urteko uztailaren 22an kendu zituztelako foruak eta “gure eskualdeko erakundeak desagertu egin ziren, tartean Merinaldeko alkateek osatzen zuten Batzar Nagusia”, Gerediaga elkartetik gogorarazi dutenez.