Ohikoa ez den egunean ospatu da aurten Ikasleen Eguna Durangoko Azokan. Ikasleei eta ikastetxeei eskainitzen zaien eguna azokaren lehengoa izan bada aurreko urteetan, aurten bigarren egunera aldatu du Gerediaga Elkarteak, egutegiak hala behartuta.
Gazte ugari ibili bada gora eta behera Landakoko kaleetan jarritako standen artean, beste urte batzuetan baino ikasle gutxiago nabarmendu da bertan; agian, eskola, ikastola eta institutu askotan zubia egin eta beste toki batzuetara joateko aukera baliatu dutelako.
Hala ere, gerturatu diren ikasleek gustura ibili dira gurasoek emandako sosak xahutzen edo zuhurtziaz egiten agindutako lanak. Batzuk, gustuko dituzten zein “eskolan agindutako liburuak” erosten egon badira ere, gehienak euren gogoko diren talde eta bakarlarien diskoak eskuratzeko aukera baliatu dute. Baten batek, aldean duen dena gastatzeko asmoa agertu du, “kiebra egin arte”.
Gazteen artean guraso eta heldu ugari ibili da han-hemenka. Pilaketa gehiegirik egon ez denez, standetan jarritakoa lasaitasunez ikusteko eta aztertzeko aukera aprobetxatu dute.
Azokatik eskua minduta irtengo den Toti Martinez de Lezea izan da gaur ere izarretako bat, bertaratutako sortzaileen arten. Ohikoa denez, irakurzaleek egindako ilara luzeak egon dira Ereinen standean, idazleak sinatutako liburua eskuratzeko intentzioarekin.