Jon Ander Ramos ikertzaileak egingo du Garaiko Udaleko toponimia berritzeko ikerketa eta lan horretarako 2.500 euroko beka izango du. Ramonek toponimoen bilketa-lana egin, antolatu, datu-base batean jaso eta normalizatzeko ardura izango du.
Ekimen honen helburua udalerriko “euskarazko leku-izenak eta herriko ageriko hizkuntza-paisaia eguneratzea eta normalizatzea” da. Gerora, ikerketa-bekaren emaitza Garaiko toponimia-mapa eraberritzeko erabiliko du Udalak.
Lana burutzeko sei hilabeteko epea izango du ikertzaileak baina “beharrezkoa dela iritziz gero, begiz jotako epea luza daiteke”, adierazi du Erramun Osa Garaiko alkateak.
Hitzarmenak
Ramosen proposamena aukeratu zuen epaimahaiak iradoki zuen “egin beharreko lanetan jasotzea bildutako toponimoen gaineko oharrak, hots, toponimoen atzean dagoen unibertsoa, eta herri-mugakideen (Berriz, Iurreta eta Abadiño) toponimiarekin lotzea”. Gainera, ezinbestekotzat jotzen du “orain arte inguruko herrietan egindako lanak” kontuan hartzea, eta toponimoak zuzen jaso eta EAEko Izendegi Geografiko Ofizialean txertatzea.
Ekimena gauzatzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Euskaltzaindiak, eta erakunde honetako Paskual Rekalde euskaltzaina eta Onomastika batzordeko kideak hartu du bere gain egitasmoaren zuzendaritza akademikoa.
Udalak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza ere eskatu du eta azken erakunde horrek eskuratu dio Eusko Jaurlaritzaren datu-baseetan Garairi buruz ageri den guztia.
Ramosek lana burutzen duenean, emaitza Eusko Jaurlaritzari eta Euskaltzaindiari igorriko die datu-baseak eguneratzeko orduan balia ditzaten.