
«Trena izango banintz, zure gorputzeko atal guztietan egingo nuke parada!» esaldiak irabazi du Ermuko udaletxeko Euskara Sailak antolatutako Piropo lehiaketaren III. edizioa. Ainara Arrizabalagarena da piropoa eta bera aukeratu dute nagusien kategoriako onena. Txikienetan berriz Arantza Moreno Fernándezek eskuratu du saria, «Gorputza makila, ahoa goxokia eta mingaina txiklea. Zer zara, txupatxusa, ala?» piropoarekin.
Piropo lehiaketaren hirugarren edizioko irabazleak aukeratu ditu epaimahaiak. Bi kategoriatan zeuden banatuta lehiakideak, nagusien taldean eta txikien taldean. Nagusietan Ainara Arrizabalagaren piropoa izan da garailea, «Trena izango banintz, zure gorputzeko atal guztietan egingo nuke parada!» esaldiarekin. ???Polita, laburra, erraz esatekoa eta pikardia puntutxo bat duena??? delako aukeratu du epaimahaiak.
Arrizabalagak, Donostiako La Perlan bi lagunentzako Talaso Zirkuitua, masajea aromaterapiarekin eta Dastatzeko menua irabazi ditu.
Txikien artean berriz, «Gorputza makila, ahoa goxokia eta mingaina txiklea. Zer zara, txupatxusa, ala?» piropoa izan da irabazlea. Arantza Moreno Fernándezena da eta berak, Ermuko Merkatari eta Ostalari Elkarteko kideen dendatan aldagarri den 100 eurotako erosketa-txekea eskuratu du.
Piropoak azken hilabeteetan jaso dira euskaltegietan zein liburutegian jarritako kutxetan eta baita euskara@udalermua.net helbidean ere. Epaimahaia Nerea Berriozabal, Kaltxango AEK euskaltegiko ordezkariak; Jabi Muñoz, Zipristintzen taldekoak; Fernando Aranberri, Udaleko Euskara Sailekoak, osatu dute. Lehiaketan parte hartu duten piropoetako batzuk hauek dira: ???Traktore margotu berri bat baino ederragoa zara???,???Neguko egun ilunak argitzen dituen pertsona zara??? eta ???Ireki begiak itsasoa entzun nahi dut eta???.