
Zaldibarko Olazar pilotalekuan jokatu zen zapatuan, 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udazken faseko bosgarren eta azken kanporaketa. Horren ondoren, finalaurrekoetan izango diren 18 bertsolarien izenak ezagutu ziren eta bertan egoteko txartela eskuratu zuten Aitor Bizkarra eta Txaber Altube abadiñarrek. Miren Amuriza, Eneko Abasolo ‘Abarkas’ eta Beñat Ugartetxea ere azken-aurrekoetan egongo dira.
Zaldibarko kanporaketan Markina-Xemeingo Nerea Ibarzabal izan zen garaile 474,5 punturekin eta saioan izan zen Beñat Romero zornotzarra seigarren sailkatu zen 386,5 punturekin.
Saioko gai emailea Maite Berriozabal izan zen eta epaimahaiko kideak Alaitz Etxanobe, Ander Txakartegi, Iñaki Aurrekoetxea, Jon Jaio, Leire Etxebarria eta Miriam Juaristi izan ziren. Idazkari lanetan Itxaro Juaristi aritu zen.
Saio horren ostean jokatuko diren hiru finalaurrekoetan egongo diren bertsolarien izenak ezagutu ziren eta bertan egoteko eskubidea lortu zuten Aitor Bizkarra eta Txaber Altubek. Abadiñar biek euren saioetan lortutako puntuen arabera lortu dute azken aurreko txanpan parte hartzeko eskubidea; Bizkarrak 474.50 puntu lortu zituen Mungiako kanporaketan eta Altubek 461.00 puntu metatu zituen Leioako saioan.
Eurekin batera eskualdeko beste hiru ordezkari izango dira finalaurrekoan; Mungiako saioko irabazlea izan zen Miren Amuriza berriztarra, Sestaoko saioan gailendu zen Eneko Abasolo ‘Abarkas’ iurretarra eta Igorreko saioa irabazi zuen Beñat Ugartetxea zornotzarra, hain zuzen.
Lehen finalaurrekoa Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatuko da azaroaren 19an (17.30ean). Saio horretan Eneko Abasolo ‘Abarkas’ eta Txaber Altube egongo dira. Beraiekin batera, aurreko edizioko finalistak izandako Jone Uria eta Oihana Bartra, Zaldibarko kanporaketa irabazi zuen Nerea Ibarzabal eta lortutako puntuekin sailkatutako Joseba Barandiaran izango dira agertokian.
Bigarren saioa Basauriko Artunduaga kiroldegian jokatuko da azaroaren 27an (17.30ean). Agertokian Beñat Ugartetxea eta Aitor Bizkarra izango dira eskualdeko ordezkariak. Beraiekin batera aurreko edizioan finalistak izan ziren Onintza Enbeita eta Xabat Galletabeitia eta lortutako puntuengatik sailkatutako Imanol Uria eta Joseba Artza izango dira Bilbon jokatuko den finalerako txartelaren bila.
Larrabetzuko udal frontoian abenduaren 3an jokatuko den azken finalaurrekoan Miren Amuriza izango da Durangaldeko partaide bakarra. Berriztarrarekin lehiatuko den seikotea, aurreko edizioko finalista izandako Etxahun Lekue, Leioako kanporaketa irabazi zuen Ibon Ajuriagojeaskoa eta lortutako puntuengatik sailkatutako Ander Elortegi, Mikel Goiriena eta Julen Erezumarekin osatuko da.