Eskualdeko eta Zornotzako eskoletako jantokietan bazkaltzen duten umeek “bertoko eta sasoiko” elikagaiak datatzearen aldeko kantua eta bideoa egin dute Berton Bertokoa plataformako kideek.
Taldeko partaideek diren guraso eta irakasleen arabera “urteak dira Durangaldeko familiak gure eskoletako jantokietako menuetan bertoko eta sasoiko produktuak sartzea eskatzen dugula”. Eskakizun horrekin umeen osasunaren aldeko apustua egiteaz gain “baserritar eta arrantzaleen” etorkizunari babesa eman nahi diote eta “ingurumena eta paisaiaren zaintzarengatik, gure kultura eta ohiturengatik”.
Dagoeneko urte bete pasatu dela eta “egoera berdinean” jarraitzen dutela gogoratzen dute Berton Bertoko kideek, eta horregatik “Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza departamentuari eta Nekazaritza sailari, Urkiolako Landa Garapenari, Durangaldeko Mankomunitateari eta Udalei hurrengoa eskatzen diegu: Durangaldeko ikastetxe publikoetan bertoko eta sasoiko produktuak erabiltzeko aukera emango duen proiektua egin dezatela behingoz!”.
Bideoan grabatutako kantuarekin batera, azaroaren 17an egindako lapiko-jotze ekitaldietako zenbait irudi tartekatzeaz gain eskari bat egin diote Olentzerori: “Zure laguntza behar dugu gure nahia lortzeko!!!”.