Abenduaren 3tik 8ra bitartean ospatuko Durangoko 56. Azoka dela eta, Plateruena Kafe Antzokia berrirekitzea erabaki du Udalak. Eraikina Ahotsenearen aterpea izango da eta “euskal musika eszenako taldeek Plateruenaren oholtza zapaldu ahalko dute”, Udal agintarien esanetan.
Asmo hori gauzatzeko beharrezkoa da mantenu lanak egitea eta hobekuntzak egiteko txostena prestatu du Udaleko Bulego Teknikoak. Izan ere, “hornidura sistemak edota soinu ekipoa martxan jarri beharko dituzte berriz ere”.
Azoka amaitu ondoren, Plateruenak berriro itxiko ditu ateak, “behin betiko irekiera aurretik”.
Leiho bat ireki
Izan ere, Udalak ‘Leiho bat ireki, Geroa begitantzeko’, lema erabili du iragarpen hau egiteko, etorkizuneko Plateruenaren diseinuan lanean baitabiltza duela hilabete batzuetatik.
Eraikinak 2020ko abenduaren 31n itxi zituen ateak eta kulturgunea kudeatzen zuen kooperatiba desegin zen. Harrezkero, Plateruenaren ateak berriz zabaltzeko mantenu eta hobekuntza lanak zehazten, eta, kulturgunearen kudeaketa eredua eta etorkizuneko erronkak diseinatzen aritu dira Udal arduradunak.