
Bide erdia baino gehiago egin duen 53. Durangoko Azokak, programazio zabala eta oparoa iragartzen du edizio hau agurtu eta ateak itxi aurretik. Lehen hiru egunetan jendetza ibili da Landakon zein erakustazokatik kanpo jarritako guneetan eta, itxura baten, bisitarien kopuruak ez du behera egingo azken bi egunetan.
Izan ere, gizakiok ohiturako animaliak gara eta eginbeharrak, sarritan, azken ordurako uzten ditugu; baita Azokarako bisita ere. Beste kasu batzuetan Landakora egindako bisita bat ez da nahikoa izaten, beste erosketaren bat egin behar delako, eguneko egitarauan dagoen zerbait erakarria delako edo, bestelako barik, lagunekin hitzordua egin delako. Gainera, egunotan, Azokako zein Durango osoko giroa primerakoa da.
Gutxi balitz, Azokako gune desberdinetarako prestatutako egitarauak proposamen indartsuak iragartzen ditu azken txanparako. Gaur goizean, Gatibu, Txapelpunk, Bad Sound, Hara!, McOnak edo Lehiotikan taldeek euren azken lanak aurkeztuko dituzte Ahotsenearen zuzenekoen gunean. Solasaldien aretoan berriz, Uxue Alberdik eta Eider Eibarrek zein Unai Iturriagak eta Alex San Vicentek egindako azken liburuak aurkeztuko dituzte.
Soinujolearen semea Irudienean
Bernardo Atxagaren liburuaren oinarritutako ‘Soinujolearen semea’ pelikularen emanaldi berezia egongo da Irudienean eta areto berean aurkeztuko da ‘Agur Etxebeste! filmaren proiektua.
Szenatokian berriz, ‘Tomiris’, ‘Agur eta Dolore’ eta ‘Schrodinger-en katua’ pieza laburrak eszenaratuko dira; Areto Nagusian Carlos Garaikoetxea edo Telesforo Monzon politikariak zein ‘Kulturaren transmisioa eskolan’ izango dira hizpide eta eguna amaitzeko 25. urteurrena ospatzen ari den Anestesia taldearen kontzertua egongo da Plateruenan.
Hainbat proposamen izango dira bihar ere, 53. Durangoko Azoka Olatz Salvadorrek Plateruenan eskainiko duen kontzertuarekin amaitu aurretik. Areto Nagusian ‘Cárceles y derechos. Alejamiento, enfermedad, acumulación de condenas” izango dute hizpide Joseba Azkarragak, Iñaki Lasagabasterrek eta Jon Iñarrituk eta Szenatokian ‘Inondik inora’ familientzako antzezlana eszenaratuko da.
Ahotseneako egitaraua ekitaldiz beteta egongo da eta zuzeneko aretoan Inun, Ibai Martin, Guda dantza edo Elortegi anaien lan berrien aurkezpena egongo bada, solasaldien aretoan Edorta Jimenezek edo Jon Arretxek euren azken lanak aurkeztuko dituzte.