Durangoko Azokak Landako Guneko berezko izaera berreskuratzeaz gain, pandemiagatik iaz martxan jarritako online denda mantenduko du ‘baDA’ leloarekin burutuko duen 56. edizioan. Azoka fisikoan kokatuko diren 220 erakusmahaiak abenduaren 4tik 8ra bisitatu ahal izango dira eta online denda berriz, 3tik 7ra egongo da irekita.
Landako Guneak biltegi izateari utziko dio eta bere ohiko bizia hartuko du berriro. Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak esan duenez, “itzuliko dira erakusmahaiak, itzuliko dira korridoreak, itzuliko dira Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia, eta itzuliko dira sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak, zein autoekoizleak; eta itzuliko dira, nola ez, kulturzaleak. Beraz, bada Azoka. Eta zelako Azoka!”.
Edizio honetarako izena eman duten guztiei eskerra eman nahi izan die Mujikak “Azokan egoteko ahalegina egitea” erabaki dutelako, eta Durangoko Azokan “sinesteagatik”.
Online denda
56. edizioak aurrez aurreko salmenta berreskuratuko badu ere, Azokak bigarren urtez egingo den online dendari eutsiko dio durangokoazoka.eus webguneren bitartez. Atari horrek, Landakon salgai egongo diren nobedade guztiak eskuratzeko aukera emango du.
Gaur egindako aurkezpenean, edizioa honetako kartela eman da ezagutzera. Leire Urbeltz sortzaile iruindarrak egindako lanak ‘Desipuindegia’ izenburua du eta irudiarekin Azokaren lehenengo edizioak gogoratu nahi ditu, garai haietako irudien ‘revivalismoa’ eginez.