Durangoko 700 adinekok herriko ikasleek egindako Gabonetako txartela jasoko dute euren etxeetan edo egoitzetan, 2020an, pandemia garaian, sortutako ‘Zaretelako Gara’ ekimenari jarraipena emanez.
Belaunaldi-loturak sortzea eta bakarrik dauden pertsonen eta haurren arteko hurbiltasuna adierazteko jarduera, “80 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago”, Udal ordezkariek adierazi dutenez. Aurten, Durangoko ikastetxeetako ikasleek 715 zorion txartel egin dituzte, orain dela bi urte baino 219 gehiago.
Ongizate uneak
Ekimenak “adinekoen ongizate uneak sortu nahi ditu, udalerriko ikasle batek egindako Gabonetako postal bat jasoz, haurrek adineko pertsonekin harremanak izatearen garrantziaz hausnartuz, zahartze prozesua ulertuz eta komunitateak adinekoei laguntzeko duen erantzunkidetasunaz sentsibilizatuz”, Ima Garrastatxu alkatea eta Julian Rios alkateordearen esanetan. “Elkartasuna gure nortasunaren ezaugarrietako bat da, eta horrela erakutsi genuen pandemian ere, Elkartasun sarearen sorrerarekin”.
‘Zaretelako Gara’ ekimenaren bidez, “belaunaldien arteko harremanak sustatu eta bakarrik sentitu ahal diren adinekoek gure gazteen zorionak” jasotzen dituzte. “Dei batek edota gutun batek emozio positibo bat eragiten dute, poztasun eta ilusio sentimendu bat, eta norbait gutaz oroitzen den pertzepzioa”, Garrastatxu eta Riosen arabera.
2020an hasitako ekimena udalerriko ikastetxe guztien lankidetza aktiboari esker mantendu da, Landako eskola, Zabalarra, Kurutziaga Ikastola, Nevers, San Jose Jesuitak, San Antonio eta Fray Juan de Zumarraga Institutuko ikasleen partaidetzarekin.